PSE-EEk eta PPk aurrekontuaren kontra bozkatuko dute, EAk alde eta Aralarrek dio "kontra ez" duela bozkatuko

Ubane Madera 2010eko otsailaren 4a

EAJ da botoaren noranzkoa argitzeke duen alderdia, "zalantzan gaude oraindik", azaldu du Luismari Apraitz bozeramaileak. Eta Alternatiba-Zutik koalizioarena jakiteko ere bilkurara itxaron beharko da, koalizio ezkertiarrak baldintza jarri dio-eta Udal Gobernuari euren babesa emateko.

Hona hemen Aritz Arrieta bozeramaile sozialistak azaldutakoa: "Kontra gaude, bi arrazoirengatik. Bata da ETAko senideek jasotzen duten laguntza Gizarte Zerbitzuetatik pasatu barik banatzen dutela, zuzenean, eta beraz, ez da solidarioa beste laguntza eskaera batzuekiko. Bestea da kudeaketa ereduarekin ez gaudela ados, izan ere, krisia ezin daiteke arrazoi izan iniziatibarik ez izateko; eta gobernu honek aurretik zetozen proiektuak landu besterik ez du egin".

Itziar Lamarain ere kontra

Kontrako asmoa azaldu du, baita ere, PPko Itziar Lamarain zinegotziak: "Egia da aurrekontua txikitzeko ahalegin handia egin dutela, Udalak ezin duelako besterik egin. Hala ere, nik emendakin batzuk aurkeztu nituen, batzuen zati bat onartu zuten, baina guztiak ez. Horrez gainera, aurrekontuetan dagoen partida batekin ni sekula ez naiz ados egongo: presoen senideei laguntzeko diru-partida. Hori dagoen bitartean, nik ez dut aurrekonturik onartuko".   

EAk, baietz

Udal Gobernuaren proposamenak jaso lezakeen baiezkoen artean, segurua da Eusko Alkartasunarena. Hala aurreratu du Pello Urizar bozeramaileak: "Kontuan izanda egoera berezia, benetan egin da esfortza gastua gutxitzeko. Beti egon daitezke gai konkretu batzuk indartu egin daitezkeenak, baina ikusi dut aurkeztu diren emendakinak onartzeko borondatea erakutsi duela Gobernuak. Horrez gain, beharrezkoa da gizarte gaien inguruko laguntzak bermatzea eta mugikortasun publikoa indartzea. Eta hori egiteko asmoa badu Udal Gobernuak" . 

Aralar kontra ez

Iluntzeko osokoaren arabera erabakiko du, berriz, Aralar alderdiak abstenitu egingo den edo aurrekontuen alde bozkatuko duen. Joxe Etxeberriak azpimarratu duena, momentuz, da kontra ez dutela bozkatuko: "Ados gaude proposatu dituzten inbertsioekin: Gizarte Zerbitzuak eta Helduen Heziketa Iraunkorra lekuz aldatzea, Gazte Topagunea egitea eta Gorostizako igogailuaren obra. Beste bi konturekin, berriz, ez gaude ados: batetik, legealdiko hirugarren aurrekontua da, beraz, beranduegi da Euskara Biziberritzeko Plana onartzeko. Bestetik, Iturbideren kudeaketa Diputazioari esku aldatzeko zorian dago, eta langileen soldatak mugitzeko balazta sakatuta". 

 

Alternatiba-Zutik: baldintzatutako babesa

Bestalde, Alternatiba-Zutik koalizioak babesa emango die aurrekontuei baldin eta Iturbideko langileen lan-baldintzak hobetzeko proposamena aintzat hartzen badu gobernuak. "Ezin dugu ahaztu zuzeneko eta zeharkako langileen arteko desberdintasunak sekulakoak direla". Bestalde, etxez etxeko laguntza zerbitzua handitzeko, etxez etxeko jakien banaketa zerbitzua abiarazteko eta adibidez, garraio publikoa indartzeko ere proposatu du (urbanoaren maiztasuna handitu eta 15 minuturo izatea autobus zerbitzua).

 

EAJren kezka da Udalaren zorpetze handia

Bukatzeko, EAJk jakinarazi du oraindik ez duela erabaki zein boto emango duen. Dena den, Udal Gobernuaren aurrekontu-txostenaren gainean duen iritzia helarazi du Luismari Apraitz bozeramaile jeltzaleak: "Gure alderditik ikusten duguna da zor handiak daudela. Batetik, defizit handia dago Udalean. Eta bestetik, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari hiru milioi euro bueltatu behar dizkiola oraindik. Hori horrela, eta kopuru horiek ez badira murrizten, zorpetze oso handia gertatuko da eta horrek ekarriko duena da hurrengo urteetarako aurrekontuak oso konplikatuak izatea". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak