PSE-EE eta EAJren mozioa hurrengo eguenean aztertuko dute, hilaren 24an

Jon Berezibar 2008ko api. 15a, 19:24
Alkateak jakinarazitakoaren arabera, hurrengo asteko eguenerako deitu dute – hilaren 24a – PSE-EE eta EAJ alderdiek eskatutako ez ohiko osoko bilkura. Bertan gaitzespen mozioa aurkeztuko dute. Jeltzale eta sozialisten testua ez da aurkeztuko duten bakarra PPk, bere aldetik, beste bat ere prestatu du-eta. Popularren zinegotzi Itziar Lamarainek berak azaldutakoaren arabera, beste mozioa "kaskarregitzat" jo eta beste bat aurkeztuko du. Halere, zentsura mozioa babestuko duela berretsi du. Sozialista eta jeltzaleek adostutako ibilbide orriaren arabera, hurrengo egueneko osokoaren ostean letorke zentsura mozioa.
Gaitzespen mozioa da hurrengo egueneko ez ohiko bilkuran sozialista eta jeltzaleek aurkeztuko dutena. Hiru puntu hauek izango ditu:

Lehenengoa
: Arrasateko Udalak hitzartzen du Udal honetako arduradunek konpromiso garbi eta kontsekuentea hartu behar dutela printzipio hauen gainean:
  1. Giza duintasunaren errespetua, eta bereziki bizitzarako eskubidea izan daitezela eskubide guztien eta askatasunaren oinarri.
  2. Pertsona guztien giza eskubideen defentsa eta eskubide horiek errespetatu ezean, hori arbuiatzea.
  3. Aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioa onartzea eta horiek bermatzea.
  4. Esklusiboki bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuaren aldeko apustua; eta, ondorioz, indarkeriaren erabileraren aurka agertzea eta gaitzestea, baita indarkeria hori posizio politikoak defendatzeagatik edo prozesu politikoak hondatzearen mehatxu egiteko erabiltzen denean ere.

Bigarrena: Arrasateko Udalak adosten du, ondorioz, eta printzipio horien argitasunean, ETAren ekintza terroristak, bere azken atentatu hilgarriak eta bere azken komunikatuan adierazitako mehatxuak printzipio horiek urratzen dituztela.

Hirugarrena: Aurreko puntuekin bat ez datozen udal arduradunen dimisioa eskatzen du Arrasateko Udalak.

Alderdi Popularra

Azaldu moduan, testu hori ez da 24ko osokoan aztertuko den bakarra; PPk berea aurkeztuko du-eta. Itziar Lamarainek azaldu moduan, jeltzale eta sozialistena "kaskarregia" da eta berak "irmoago" bat aurkeztuko du. Hala ere, berretsi egin du, zentsura mozioa egitekotan, babestu egingo duela.

PPren babesa baina, jakina denez, ez da nahikoa izango testuak (eta ondorengo balizko zentsura mozioak) aurrera egiteko; EAren edota EB-Zutik koalizioaren bozkak ezinbestekoak zaizkie.

Aralarrek, bere aldetik, ohar baten bidez adierazi du hasierako mozioa ez dutela "osoki babestuko dagoen terminoetan" eta zentsura moziorik ez dutela babestuko, "eta are gutxiago era orokor batean planteatzen denean".

Eusko Alkartasuna

Gauzak horrela, bihar eguaztena, batzartuko da EAko Pello Urizar Arrasateko sozialistekin mozioa aztertzeko. Bilera horretatik erabakiko dute hasierako mozioarekin bat egingo duten edo ez. Zentsura mozioari dagokionean, Urizarrek esan du "mendeku bidez ez" dela egin behar eta gobernagarritasuna bermatu beharra dagoela.

Ezker Batua-Zutik

EB-Zutik koalizio litzateke giltza, eta momentuz, azken unera arte ez dute jakitera emango erabakia. EBren zuzendaritzak esan du mozioen alde daudela baina herriko batzarrek daukatela erabakitzeko eskubidea. Ander Rodriguez bozeramailearekin berbetan, hark esan du egina daukatela hausnarketa politikoa baina osokoan bertan jakinaraziko dutela zer egingo duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak