Presoen senideendako laguntzak "lotsagarriak" dira PSE-EEren esanetan

Ubane Madera 2010eko otsailaren 8a

Arrasateko alderdi sozialistak salatu du Arrasateko Udalak ETAko presoen senideendako dirulaguntzak sartu dituela bere aurrekontuetan. Alderdi sozialistak dio 20.000 euroko diru partida hori “lotsagarria eta ez solidarioa” dela, eta azpimarratu gura izan du ez duela onartuko "diru publikoa erabiltzea ETAren biktimak umiliatzeko".

Horrez gainera, bereziki Alternatiba-Zutik koalizioaren jarrera kritikatu du alderdi sozialistak, euren esanetan, "aldez aurretik" hitzartu zutelako aurrekontuen gaineko bozketan abstenitzea, eta horri esker egin ahal izan zutela aurrera Udal Gobernuak proposatutako kontuek.

13 emendakinetik bakarra onartuta

Salatu du Udal Gobernuak krisiaren testuingurua aprobetxatu duela aitzakia moduan bere "aktibitaterik-eza" eta "kudeaketa negargarria" justifikatzeko. "Gauzatu diren proiektuak aurreko legealditik datoz, eta beste obra batzuk, garrantzitsuenak Zapateroren gobernuaren E planari esker gauzatu dituzte". 

Eta jakinarazi du, baita ere, PSE-EEk 13 emendakin aurkeztu dizkiola aurrekontuari eta bakarra onartu dietela: 10.000 euroko partida ezabatzea bilduma industriala elikatzeko.

 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak