Presoen aldeko sinadurak batzen hasi dira

Ubane Madera 2009ko mar. 3a, 11:59
Preso dauden hiru herritarren egoera azpimarratuta, atzo, astelehena hasi eta maiatzaren 3ra bitartean, presoen eskubideen aldeko sinadurak batuko ditu Portaloira Topaguneak. Sinadurok kalean batu barik, baina, etxez etxe joango dira, ahalik eta herritar gehiagoren babesa lortu gura dute-eta, kartzeletako egoera "inoiz baino larriagoa" delako. Ekimena iragarrita dute herriko atari askotan.

"Jon Agirreren kasua oso argia da: 28 urte kartzelan, gaixotasun larriak ditu eta hala eta guztiz ere ez dute askatzen", azpimarratu dute Portaloira Topagunetik. Salatu dute 92. artikulua "behin eta berriro" ukatzen diotela Agirreri eta 2006an zigor osoa beteta izan arren, "beste bost urtez" luzatu diotela zigorra. 

Giltzurrun bakarrarekin

Josu Uribetxeberriaren egoera ere salatuko du Portaloira Topaguneak. Kontatu dute giltzurruneko minbizia izan eta giltzurrunetako bat kendu ostean, bakarrarekin bizi dela orain. "Eguneroko jarraipen medikua behar du, kartzelan jasotzea ezinezkoa dena. 92. artikulua ukatu zaio etengabe". 

'Biziarteko espetxe zigorra'

Azkenik, Jose Inazio Gaztañagari ere "biziarteko espetxe zigorra ezarri" diotela salatuko dute, 2006an zigor osoa beteta izan arren, 2018. urte arte luzatu diotelako zigorra. 

Maiatzean mozioa

Herritarren zein eragileen sinadurak batuta, mozioa aurkeztuko dute maiatzean Arrasateko Udaletxean (besteak beste), "sakabanaketa bukatu, gaixo larriak askatu, bizi arteko espetxe zigorra indargabetu eta Agirre, Uribe eta Gaztañaga askatzeko eskatzen.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak