Portaloira topaguneak Elkartasun Eguna aurkeztu du

Usoa Agirre 2007ko mai. 30a, 14:06
Ekainaren 9rako antolatu du Portaloira herri ekimenak Elkartasun Eguna. Atzo, martitzena, egin zuten aurkezpena eta, horrekin batera, herriko presoen egoeraren berri eman zuten.

Euskal preso politiko eta iheslariak euskal herriratzeko eta beraien eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzeko sortutako herritarren topagunea da Portaloira.

Ekainaren 9ko Elkartasun Eguneko aldarrikapena hauxe izango da:

Ion, Josu eta Gazta etxera!
Eskubide guztien jabe Euskal Preso eta Iheslari politikoak Euskal Herrira!

Atxikimenduak

Topagunearen aldarrikapenekin bat egin dute Arrasateko alderdi politiko zenbaitek (IU/EB, Aralar, Zutik, EA, EAE eta Batasuna), kultura taldeek, sindikatuek eta beste hainbat herritarrek.

Presoen egoera

Atzoko agerraldian azaldu zutenez, herriko presoen egoerak okerrera egin du:
  • Ion Agirrek 62 urterekin 26 urte bete ditu espetxean aurten, gaixo larri egon arren ez diote 92. artikulua aplikatu eta orain beste 4 urtez eduki nahi dute espetxean, zigorra beteta izan arren.
  • Iosu Uribetxeberriari ere 92. artikulua ukatzen diote.
  • Jose Ignacio Gaztañaga, iaz zigorra bete zuen arren, beste 13 urtez eduki nahi dute espetxean.
  • Xabier Urizar eta Jesus Mari Zabarte 3/4ak beteta izan arren espetxean mantentzen dituzte.
Salatu zutenez, Arrasateko gainontzeko preso politikoak ehunka kilometrotara aurkitzen dira eta beraien eskubideak sistematikoki ukatzen zaizkie.

Manifestazioan parte hartzeko deia

Topaguneak eta atxikimendua eman duten politikari, sindikatu, elkarte eta herritarrek eskatu dute larri gaixorik dauden presoak eta zigorra beteta daukatenak askatzea eta euskal preso politiko guztiak eskubide guztiekin Euskal Herriratzea.

Hala, ekainaren 9an, Elkartasun Egunean egingo den manifestazio isilean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Datorren martitzenean, hilak 5, emango dute egunean bertan izango diren ekitaldien berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak