Pista estaliko Espainiako Txapelketan Malen Ruiz de Azuak errekor berria egin du

Xabier Urtzelai 2010eko otsailaren 10a

Domekan zilarrezko dominarekin itzuli zen Malen Ruiz de Azua Oviedotik. Espainiako txapelketan 3,25 metroko saltoa egin zuen Arrasate-Kanpanzar taldeko atleta gazteak, eta marka horrekin Euskadiko Txapelketako errekorra ondu zuen. Oraingo asteburuan Zaragozan lehiatuko da.

Malen Ruiz de Azuak taldeka kadete mailako Espainiako Txapelketan jardungo du, eta oraingoan Bidasoa taldea ordezkatuko du, Arrasateko klubak harrobi lana egiten du-eta Bidasoarendako. Ruiz de Azuarekin batera Izar Gorroñogoitia ere izango da lehian. Hain zuzen, Gorroñogoitia ere Oviedon izan zen joan den asteburuan, eta salto hirukoitzean bederatzigarren postuan sailkatu zen (10,25 metro).

Gipuzkoako txapelketan, urrea

Etxeko txapelketetan urrea eskuratzera ohituta dagoen Jonathan Perezek sasoi onean jarraitzen duela erakutsi zuen joan den asteburuan Anoetan, Gipuzkoako txapelketan 4,50 metroko saltoa egin zuen-eta. Gainontzeko atletek brontzezko sei domina eskuratu zituzten: Lore Marrek pertika saltoan (3,30); Oihane Urtzelaik luzera saltoan (5,03) eta salto hirukoitzean (10,97); Josu Uribarrenek salto hirukoitzean (13,99); Eukene Dorronsorok 200 metroko lasterketan (26,51). Gainera, Dorronsorok marka pertsonala ondu zuen, eta estatuko gutxieneko marka lortu; eta Markel Blancok 800 metroko lasterketan (2.01.43). Oraingo asteburuan, berriz, Euskadiko txapelketak egingo dituzte Anoetan. Jonathan Perezek Reala ordezkatuko du, Lore Marrek Bidasoa taldea.

Maialen Axpe, Valentzian

Arrasate-Kanpanzarreko ordezkari Maialen Axpe, berriz, Valentzian izan zen lehiatzen. Axpek Atletico San Sebastian taldea ordezkatu zuen taldekako Espainiako Txapelketan, eta 3,40 metroko saltoa eginda bigarren postuan sailkatu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak