Pilota txapelketa eta herri bazkaria izango dira zapatuko Gazte Eguneko ekitaldi potoloenak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 23a, 18:38
Gaztetxearen 18. urteurrenaren barruan Gazte Eguna ospatuko da zapatuan. Egitarau erakargarria prestatu du AGAKOk eta herriko gazteei parte hartzeko dei egin die. Egunean zehar ez da aspertzeko astirik izango: goizean pilota txapelketa, eguerdian DragoiAlde txarangak girotutako kalejira eta herri bazkaria, eta arratsaldean, jokoak. Hortik aurrera, parranda izango da nagusi.

Apirila oso hilabete berezia da Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuarentzat (AGAKO), urteurren hilabetea baita gaztetxearentzat. Aurten 18. urtebetzea –ospitale zaharreko gaztetxearen 11 urteak gehi Uarkape atzeko gaztetxe berriaren zazpi urteak– ospatuko dute.
Ospakizunak hilabete osoan izan ohi dira urtero, baina aurten Aste Santua apiril erdian izateak ez die batere lagundu gaztetxeko kideei. Hala ere, joan den zapatuan, adibidez, Besaidera egin zuten irteera, eta arratsaldean herriko txikienekin jolasean aritu ziren gaztetxean. Ospakizun hilabetearen egun handia, ordea, zapatuan izango da, orduan ospatuko dute-eta Gazte Eguna.

2007koa errepikatu
Orain bi urte egin zen lehenengoz Gazte Eguna. Lehena oso arrakastatsua izan zen: pilota txapelketan eta herri bazkarian parte hartu zuten gazteek gaztetxeko kideen aurreikuspen guztiak hautsi zituzten. Iaz, bestalde, ez zen Gazte Egunik izan; bai, ordea, ateak itxi berri zituen Biona tabernari omenaldia. Orduan ere gaztetxea lepo bete zen bazkarian;  bertan izan ziren tabernari eta lagunak, gonbidatu moduan. Aurten, arrakasta errepikatzea gura dute antolatzaileek.


Egitarau erakargarria
Pilota txapelketan izena eman gura dutenek Iluntz, Ekaitz, Irati eta Basati tabernetan dute aukera, bikoteka. Txapelketa 10:00etan hasiko da, Iturripen. Pilotan izerdia gogoz bota ostean, 13:00etan txarangaz girotutako kalejira egingo dute eta 14:30ean hasiko da herri bazkaria gaztetxean. Txartelak Etxoste, Irati eta Basati tabernetan daude salgai, 5 eurotan. Menua, merkea eta kalitatezkoa: entsalada, txanpinoiak eta solomoa saltsan. Bazkalostean jokoak egingo dituzte. Eta gero, parranda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak