Pesa enpresaren zerbitzu batekiko kezka azaldu dute sozialistek

Ubane Madera 2008ko aza. 11a, 11:01

Paco Gartzia Arrasateko batzarkideak kezka azaldu du PESA autobus konpainiak ematen duen zerbitzu batekin. Hain justu, Arrasate eta Gasteiz arteko autobus zerbitzuarekin lotutako kezka da ordezkari sozialistak azaldu duena.

Ustez, Pesak bidaiariak zutik eraman izan ditu Arrasatetik Gasteizera doan autobus linean. Eta ordezkari sozialistak salatu du hori arriskutsua dela bidaiariendako, autobusak balaztada edo frenaketaren bat eginez gero, ezbeharren bat gerta litekeelako.

Horrekin batera eta kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak duela garraio publikoaren konpetentzia, Gartzia sozialistak erakunde horri eskatu dio arreta handiagoa ipini beharko lukeela bidaiarien segurtasuna bermatzeko eta bidaiari larregi eramaten dituen zerbitzuak saihestu egin beharko lituzkeela. Pesa autobus zerbitzuaren erabiltzaile batzuk egindako salaketa batean oinarrituta egin ditu Paco Gartzia sozialistak eskaera horiek.

Hain justu, joan den egubakoitzeko GOIENKARIAn argitaratutako gutun batean, garraio publikoaren hainbat erabiltzailek salatu zuten Arrasatetik Gasteizerako bidaia zutik egin behar izan dutela behin baino gehiagotan bidaiariek; zutik joatearren ordaindu behar izan dutela eserita joaten direnean ordaintzen duten prezio bera; lineako autobusa erabili barik, autobus urbanoa erabili izan duela PESAk bidaia hori egiteko eta urbanoetan ez daudela beharrezko segurtasun neurri guztiak, bereziki,  kontuan hartuta Arrasatetik Gasteizerako bidean dauden errebueltak eta aldapak.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak