Pertsona nagusiendako jangela egokitu gura dute, Iturbide egoitzan

Ubane Madera 2009ko mai. 11a, 13:20
Iturbide egoitzan bertan bizi diren nagusiendako ez ezik, etxean bakarrik bizi direnendako ere izango litzatek jangela berria. Jangela horretan bazkaltzeak kostatuko du lau euro eta erdi eta afaltzeak hiru euro eta erdi.

Gure inguruan berritzailea den egitasmoa lantzen dihardu Arrasateko Udala eta maiatzari dagokion osoko bilkuran (joan den eguenean) egitasmo hori gauzatzeko aurreneko pauso publikoa eman zuten: nagusiendako jangelan aplikatu behar dituzten tarifen onespena: 4,50 euro bazkariarengatik eta 3,50 euro, berriz, afariarengatik.

Iturbide egoitzan gura dute pertsona nagusiendako jangela zerbitzua egokitu; pentsatzekoa da Abaroa berria egiten dutenean egoitzak irabaziko duen espazioan egokituko dutela.
Jangela hori ez da izango bakarrik egoitzan bizi direnendako, baizik eta laguntza beharra daukan eta bere etxean bizi den edozein nagusirendako.

Bakarrik bizitzen segitzeko aukera

Azken batean Udalak laguntasuna eman gura die bakarrik bizi diren eta zailtasunak dituzten pertsona nagusiei, bakarrik bizitzen segitu ahal dezaten. Hau da, sarri eguneroko janak prestatzeko edo errekaduak egiteko  zailtasunak dituzten nagusiek erabakitzen dute bakarrik bizitzen segitu barik, egoitza batera bizitzera joatea. Bada, halakoei laguntzea da Udalaren asmoa. 

Xehetasunak osokoan

Jangela horren araudia eta bestelako xehetasunak argitzea falta da orain. Hori guztia datorren osoko bilkuran landuko dutela  aditzera eman dute udal iturriek, ekainari dagokion osoko bilkuran. Orduantxe eskuratuko ditugu, beraz, xehetasun guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak