1908ko maiatzaren 21ean hil zen Pedro Biteri, XX. Mende hasierako Gipuzkoako herri hezkuntzaren sustatzaile nagusia. Gizon intelektuala izan zen, ikasketak Baionan ez ezik, Britainia Handian ere burutu zituena. Bere familia hil zenean jaso zuen ondarea baliatu zuen hezkuntza sustatzeko eta 1902an Arrasaten sortu zuen Biteri eskolaren ondoren sortu zituen beste hainbat eskola Gipuzkoako hainbat herritan, horien artean Aretxabaletan.
Haren heriotzaren 100. urteurrena bete den honetan, Arrasateko udalak, Biterik hezkuntza alorrean egindako ekarpenak ezagutarazi gura ditu eta horretarako, Arrasateko ikastetxetako haur eta lehen hezkuntzako umeei banatuko dizkie haren irudia gogoratu eta omentzeko propio egindako pergaminoak. Udalaren aspaldiko ohitura da ikasturte bukaeran ikasleei sariak ematea eta aurten hori da ikasleen artean banatuko dutena. Hain zuzen ere, ohitura horren aitzindaria izan zen Pedro Biteri, eta indar frankistak Arrasate hartu zutenean eskola itxi eta sariak emateko ohitura ere eten egin zen urte batzuetan. Gerraren ondoren udalak hartu zuen ikasleei sariak emateko testigua.
Baina, Biteriren irudia omentzeaz gain, udalak gogora ekarri gura izan ditu Arrasateko Biteri eskolan irakasle lanetan aritu ziren Felix Arano eta haren emazte Teresa Garcia maisu-maistrak.
Pergaminoa 1852 ikasleri banatuko zaie bihar eta etzi artean eta gurasoei ere helaraziko zaie. Guztira, 5500 pergamino banatuko dituzte Arrasateko herritarren artean.