Pedro Biteri omenduko dute, jaio zeneko 175. urteurrenean

Iker Barandiaran 2008ko uzt. 16a, 15:09
Arrasateko herriak Pedro Biteri Arrasateko filantropoa zenari omenaldia egingo dio egubakoitzean, Biteri jaio zeneko 175. urteurrenean. Arrasateren eta hezkuntzaren alde lan handia egin zuen Biterik.

Ezohiko prentsaurrekoa egin dute jarduneko alkate Oihana Aranburuk eta Udaleko Kultura teknikari Jon Garaik; Alfontso X. Jakintsuaren plazan hain zuzen ere. Horren arrazoia da Pedro Biteri zenaren omenezko eskultura plaza horretan kokatuta dagoela.

Hezkuntzaren eta Arrasateren alde

Oihana Aranburu jarduneko alkateak nabarmendu du Arrasaten jaiotako filantropoak hezkuntzaren eta Arrasateren alde egindako lana. Hain zuzen ere, Gipuzkoako biztanleen erdia eskolarizatu barik zegoen sasoian Pedro Biterik Arrasaten eskola bat eraiki eta finantzatu zuen 1902an. Horren ostean, Hernanin, Irunen, Hondarribian eta beste herrialde batzuetan ere eskolak martxan jarri zituen.

Are gehiago, filantropoaren testamentua Biteri Fundaziora bideratu zuen, eta horren helburua izan zen moralki abandonaturiko umeei laguntzea, eskaintza duina eskainiz.

Ekitaldia

Pedro Biteri zein izan zen gogoratzeko eta omenaldi xumea egiteko hainbat ekitaldi antolatu dituzte bere heriotzaren 175. urteurrena beteko den egunean, hain zuzen ere egubakoitzean.

Udaleko Kultura teknikari Jon Garaik eman du horren berri. 19:30etan egingo dute Grupo San Juanen kokatutako Alfontso X. Jakintsuaren plazan hain zuzen ere. Joxemari Velez de Mendizabalek aurkeztuko du ekitaldia. Horren ostean, Pello Ramirez eta Juantxo Zeberio musika emanaldia egingo dute.

Herriko txistulari eta dantzariek ohorezko agurra egingo diote monumentuari; eta jarraian Pedro Leibarrek hartuko du hitza, Biteri gogora ekarriko digu-eta. Horren ostean, Goikobalu abesbatzak hainbat kantu eskainiko ditu, eta bukatzeko, luncha izango da. Hala ere, Kultura teknikariak iragarri du herritarren gustukoak izango diren sorpresak ere izango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak