Patxi Lopez lehendakaria eta PSE-EEko agintari asko Isaias Carrascoren aldeko omenaldian

Iker Barandiaran 2010ko mar. 7a, 17:07
Bi urte bete dira PSE-EEko zinegotzi ohi Isaias Carrasco erail zutenetik, eta domeka eguerdian omenaldia egin zioten bera bizi zen eta hil egin zuten Navas de Tolosa kalean. Omenaldi ekitaldian, hainbat herritarrek eta PSE-EEko agintari askok esku hartu zuten, tartean Patxi Lopez lehendakariak.

Jende dezente batu zen Arrasateko Navas de Tolosa kalean, San Andres auzoan, Isaias Carrascoren erailketaren bigarren urteurrenean.

Segurtasun neurri zorrotzen artean eta hedabide ugariren presentzian, PSE-EEko ordezkari askok eta Patxi Lopez lehendakariak esku hartu zuten ekitaldian. Lehenik eta behin, Carrascoren alaba Sandrak hartu zuen hitza. Alabak alderdi sozialistako kideen lana goraipatu egin zuen, eta terrorismoaren biktima guztiak omendu gura izan zituen; tartean, Inaxio Uria izan zuen gogoan.

Horren ostean, Patxi Lopez lehendakariak hartu zuen mikrofonoa. Lehendakariak gogoratu zuen Carrascoren ustezko hiltzailea atxilotu berri dutela, eta azpimarratu zuen "terrorista guztiak justiziaren eskuetan jarri arte" ez dutela "atsedenik hartuko".

Horrekin batera, Lopezek jakinarazi zuen ETA lehenbailehen buka dadin ahalegin guztiak egiten dabiltzala; eta horretarako ezinbestekoa dela "lakra hori eta berau justifikatzen ahalegintzen diren ideia totalitario faltsuak" elkarrekin gaitzestea.

Diskurtsoa bukatu ostean, lore eskaintza egin zuten Carrascoren omenez. Han egon ziren Carrascoren ama, bi alabak, alarguna eta arreba; PSE-EEko Rodolfo Ares, Jesus Egiguren, Manuel Huertas, Iñaki Arriola, Alberto Buen, Odon Elorza, Paco Garcia, Aritz Arrieta eta gainontzeko Arrasateko zinegotzi eta zinegotzi ohiak; UGTko Damaso Casado eta Inaxio Uriaren familiako ordezkariak, besteak beste.

Omenaldia bukatu aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak