Aldapan gora hasi zen Ford Mugarrirentzat zapatuan etxean, Musakolako kiroldegian jokatutako partidua. Aurkaria, sailkapenean hirugarren postuan dagoen Calmec Barakaldo izan zuten arrasatearrek.
Bizkaitarrek hartu zuten aurrea markagailuan, eta hala, hiruzpalau goleko aldea mantendu zuten lehenengo zati osoan. Arrasatearrei, bestalde, kosta egin zitzaien partiduaren martxa hartzea: hegaletan eta defentsako lehen lerroan hainbat akats egin zituzten. oreka falta zitzaien: gol asko jaso, eta kontraerasorako aukera gutxi. Lehen zatia amaitzean, 14-19 zen markagailuan jartzen zuena.
Aldaketekin, hobera
Atsedenerera joan aurretik, Edu Orgaz entrenatzaileak hainbat aldaketa egin zituen bai jokalarietan eta baita jokatzeko sisteman ere: hiru defentsa aurreraturekin partez, birekin jolastera pasa ziren, eta atsedenetik bueltan, euren fruituak eman zituzten aldaketa horiek. Helburua, defentsa sendotzea zen, eta lortu zuten. Partidua bukatzeko 10 minutu ingururen faltan, Ford Mugarriko jokalari bat kanporatu zuten, eta horren segidan, Barakaldoko bi. 28na berdindu ostean, arrasatearrek markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. 35-32 amaitu zen partidua, beti ere, Ford Mugarriren alde. Aipatzekoa da eskuin hegalean Arkaitz Massipek egindako partidu borobila, baita Aitor Aldanondorena ere. Berau izan zen arrasatearren goleatzaile nagusia, denera 11 sareratzerekin.
Entrenatzailea, gustura
Partidua amaitzean, Edu Orgaz Ford Mugarriren entrenatzailea oso pozik zegoen bere mutilek egindako lanarekin, bere hitzetan, denek egin baitzuten garaipena lortzeko ekarpena.
Orgazek esan zigun, azken asteotan entrenamenduak aldatu dituztela. Arlo fisikoa gehiago lantzen dute, bere esanetan, defentsa sendotu eta kontraerasoan hobetzeko, eta badirudi aldaketok eraginkorrak izan direla. Hamargarren segitzen du Ford Mugarrik zapatuko garaipenarekin.