Partidu ona jokatu ez arren hiru puntuak etxean geratuta pozik

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 5a, 00:38
Denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Mondrak, atzo, Mojategin (2-1). Partidu onik ez zuten egin arrasatearrek, hortaz, hiru puntuak etxean geratuta pozik.

Gogotsu atera ziren Mondrako jokalariak zelaira eta lehen 20 minutuetan partidu polita egin zuten. Golak ere orduantxe iritsi ziren, lehena Julen Erizek egin zuen 11. minutuan ezker aldetik indartsu jaurtita. Handik lau minutura Jon Muruamendiarazi egindako falta ikusi zuen epaileak area barruan eta penaltia adierazi zuen. Muruamendiarazek berak jaurti eta gola sartu zuen.

 

Lehen zatia bukatu bitartean beste aukera batzuk ere izan zituzten arrasatearrek, baina poliki-poliki lasaitzen joan ziren. Hala, bukatzeko lau minutu geratzen zirenean Beti Gazteren gola etorri zen. Erasoan irten zuen Lesakako jokalariek eta arrasatearrak despistatuta zeudela gola sartu zuen Oier Iantzik.

Bigarren zati eskasa

Bigarren zatia hasi orduko aukera bikaina galdu zuen Mondrak, hutsegite handia egin zutelako Beti Gaztekoek ate aurrean. Hala ere ezin golik sartu, eta halaxe jardun zuten partidua bukatu bitartean, ezinean. Kosta egin zitzaien baloia behar bezala bideratzea eta izandako aukera bakarretan ez zuten batere ondo asmatzen ate aurrean. 68. minutuan penaltia adierazi zuen Mondraren aurka, baloia besoarekin ukitzen ikusi zuelako epaileak. Mikel atezainak, baina, aldendu egin zuen baloia eskuarekin eta ez zen golik izan. Partidu polita jokatu zuen Mikelek. Handik aurrera emaitzari eusten ahalegindu ziren Mondrakoak.

Laugarren jardunaldian lortu du Mondrak lehen garaipena horregatik zaleak pozik zeuden. Hala ere, Andoni Azkargorta entrenatzailea ez zegoen batere gustura partidu bukaeran, eta lehenengo 20 minutuetan egindako jokoa topatu behar dutela adierazi zuen, "aurrera egin ahal izateko".

Hurrengoan Oiartzun

Datorren aste bukaeran ere Mojategin jokatuko du ohorezko erregional mailako Mondrak; oraingoan Oiartzun taldea izango du aurrez aurre. Etxeko partiduak irabaztea ezinbestekoa du puntuak batu eta aurrera egiteko –4 puntu ditu, Bergarak eta Aloñak bezala–. Baina puntuak jasotzeaz gain, joko hobea erakutsi gura dute zaleen aurrean Azkargortaren mutilek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak