10:00etan ireki dituzte ateak Seber Altube plazan jarritako azokako postuek: baserriko produktuak batzuetan, artisau produktuak besteetan. Ekin emakumeen elkarteak, azken urteetan legez, talo postua jarri du eta aurten ere jende piloa gerturatu da hamarretako egitera.
12:30ean, 55 emakume bildu dira Takarraran lasterketaren irteera puntuan, aurreikusitako 2.800 metroak korritzeko. Adin askotako emakumeak bildu dira, batzuk sasoian eta beste batzuk ez hainbeste, baina denak ere lasterketaz eta momentuaz gozatzeko gogoz. Azkenean, eta antolatzaileen esanetan sailkapenak garrantzirik izan ez arren, Mari Jesus Velasco arrasatearra izan da helmuga puntua gurutzatzen lehena. Bigarrena Ainhoa Eraña izan da, eta hirugarrena, Mireia Flores. Hauetaz gain, azkenak izan direnek eta zozketaz aukeratu dituzten beste hiru parte-hartzailek ere jaso dute oparia.
Muralaren margotzea
Arrasateko feministen ekimenez, mural berezia margotu dute gura izan dutenek Biteri plazako pareta baten. Emakumeen Mundu Martxa dela eta, hainbat herritan antolatu dute muralen margotzea. Asmoa da aurrerago Euskal Herriko mural denak batzea eta serigrafia bidez oihal handi bat egitea. Oihal hori gero Kongora eroango dute, Mundu Martxa amaituko den lekura; han munduko beste hainbat tokitan egindako oihalekin elkartuta soinekoa egingo dute, antolatzaileen esanetan emakumeak helburu beraren alde egiteko gai direla erakutsiaz.
Mural kolektiboa izan arren, indibiduoari ere garrantzia eman gura izan diete eta, hala, adin guztietako arrasatearrek egin dute euren ekarpena.