Parke, kale eta aparkaleku berriak, Zerrajera gunean

Ubane Madera 2007ko api. 16a, 10:50
Zerrajera gunea urbanizatzeko proiektuari hasierako onespena eman dio Udalak. Orain, jendaurrean ipini dute, alegaziorik balego, haiek hartzeko.

Zerbitzua ematea

Urbanizazio proiektu horren helburua da Zerrajera gunean eraikitzen dabiltzan eta eraikiko dituzten etxebizitza, gune komertzial eta bestelakoei zerbitzua ematea. Hala, azpiegiturak sartzeko zenbait lan (ura, gasa…) 2003an egin zituzten. Orain, gainontzekoak egingo dituzte, proiektua Arrasateko Egitamu Orokorrera egokitu eta gero.

Lau errepide

Hain zuzen ere, parkeak (aisialdirako guneak), kale edo errepideak, lorategiak eta aparkalekuak eraiki behar dituzte, LKS enpresak aurkeztutako proiektuaren arabera. Baita bidegorria ere. 

Bestelakoen artean, bi noranzko dituzten lau errepide edo kale sortu behar dituzte, Zerrajera gune horren barruan etxeen arteko komunikazioa ahalbidetzeko. Udaletik jakinarazi dutenez, gainera, sortuko diren kale berriendako izenak badabiltza aztertzen dagoeneko. Are gehiago, La Caixak etxeak eraiki behar dituen gunean sortuko den kaleari Aprendices kalea izena ipintzea erabaki dute; han zegoen Aprendizen Eskolaren harira, jakina (gaur egungo Arrasate Musikalen eraikina). 

Lau fase eta aurrekontua

Lan horiek guztiak egiteko lau fase zehaztu dituzte. Laurak kontuan hartuta, guztira, 29 hilabete eta erdiko lanak dituztela aurreikusi dute.
Guztiaren kostua edo aurrekontua ere zehaztu du LKSk: 7.396.087,86 euro.

Dena den, oraindik ezin dute zehaztu lanok noiz hasiko dituzten. Izan ere, orain, proiektua onartu egin dute eta alegazio epea zabaldu. Hala, alegazioak hartu, guztiak aztertu eta proiektuan aldaketarik balego haiek egin beharko dituzte lanak adjudikatu baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak