Kaleko paretak, eta pareta ez direnak –parrokia aurreko pilareak edota plazako makala– igo zituzten. Hamar lagun aritu ziren lehian; aretxabaletar bat izan ezik, arrasatearrak guztiak.
Ferrerias kalean hasi ziren, eta parrokia, kanpantorpea, plaza, Iturriotz kalea eta gaztetxea pasatu ostean, berriz ere egin zuten Ferrerias kalera bertan, txapelketako azken pareta igotzeko.
Eguraldi ona lagun, herritarrak animatu ziren kaleko eskalada ikustera. Jon Otxandategik irabazi zuen txapelketa; bigarren, Iñaki Viejo gelditu zen eta hirugarren postuan, Mikel Velasco.