Palestinarren aurkako erasoa salatzeko mozioa onartu zuten atzo batzarrean

Jon Berezibar 2009ko ots. 6a, 17:21
Israelek Palestinarren kontra egindako azkeneko erasoa kondenatzeko mozioa onartu zuen atzo udalbatzarrak. Oro har, Arrasateko Udalak Israelgo estatuak Gazako biztanleen aurka garatutako azken ekintza armatuak salatzen ditu mozioak. Ezker Batua-Zutik koalizioak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta alkate ordeak mozio bat adostu zuten eta Euzko Alderdi Jeltzaleak mozio horren alternatiboa aurkeztu zuen. Beste gai bat ere aztertu zuten mozio bidez: alderdi sozialistak aurkeztu zuen nerabeen nahi gabeko haurdunaldien gainean.

Nerabeen nahi gabeko haurdunaldien mozioari dagokionez, alderdi sozialistak jakinarazi zuen azken hamar urteotan 18 urte azpiko nerabeen arten nahi gabeko haurdunaldi kopurua handitu egin dela. Hori horrela, proposatu zuen Arrasateko Udalak bat egin dezala Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak abiarazitako prebentzio kanpainarekin.

Mozioak, baina, ez zuen aurrera egin. Alde bozkatu zuten alderdi sozialistak, PPk, EAk, EB-Zutik koalizioak eta Aralarrek. 9 boto. Kontra bozkatu zuten, berriz, Talde Mistoko eta EAJko zinegotziek: 11 boto. Kontra bozkatu zutenen argudioa izan zen Arrasaten badela Sexologia Zerbitzua, justu halako gaiak lantzeko. Horrez gainera, ikastetxeetan prebentzioa ere lantzen dutela. Hori horrela, halako kanpainaren beharrik ez dagoela.

Palestina

Palestinaren gaineko mozioei dagokienez, berriz, eztabaida luzea eragin zuten alderdi politikoen artean. Labur esanda, Hamas-en aipamenak eragin zuen eztabaida hori. Izan ere, Aralarrek, EB-Zutik koalizioak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek adostutako mozioan ez zuten Hamas aipatzen. Bai, ordea, EAJk aurkeztutako mozio alternatiboan. Hain justu ere, azken alderdi horrek argudiatu zuen Israelen sarraskia kondenatzeaz gainera, Hamasen ekintza terroristak ere kondenatu behar direla. Eta besteak beste, nabarmendu zuten Nazio Batuen Erakundeak Israeli izateko eta defentsarako eskubidea aitortzen dizkiotela.

Alderdi ezkertiar abertzaleek, berriz, aditzera eman zuten gerra horretan norbait biktima bada palestinarrak direla; EAk azpimarratu zuen ez duela Hamas edo Al Fatah-ren alde berba egingo, baina bi talde horien existentziak ez duela justifikatzen Israelek egindakoa. Eta besteak beste, EB-Zutik koalizioak gogora ekarri zuen Palestinan, 21 egunean 2.500 lehergailu bota zituztela, 1.300 hildako eragin zituztela eta 5.000 zauritu.

Bozketan, alderdi ezkertiar abertzaleen artean adostutako mozioak egin zuen aurrera, aldeko 11 botorekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak