Pakito Arriaran omenduko dute

Mireia Bikuña 2008ko urriaren 14a

Datorren urtean, irailaren 30ean hain zuzen, 25 urte beteko dira Pakito Arriaran arrasatearra El Salvadorreko gerran hil zela. Aurretik baina hainbat ekitaldi egingo dituzte aurten, urriaren 26tik 30era. Era berean, Txalaparta argitaletxeak arrasatearraren biografia biltzen duen liburua kaleratu du: 'Pakito Arriaran. De Arrasate a Chalatenango.'

El Salvador Bihotzean lagun taldeak antolatu ditu Pakito Arriaranen omenezko ekitaldiak. Era berean, gerra berean hil ziren Begoña Gartzia Arandigoien eta Marta Gonzalez izango  dituzte gogoan urriaren bukaerarako iragarritako ekitaldietan.

Datorren urriaren 26an El Salvadorren hildakoei omenaldia egingo diete, eta ondoren herri bazkaria egingo dute Arrasaten. Bestalde, hilaren 27tik 30era, beste hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreratu dute antolatzaileek; besteak beste, bi hitzaldi Kulturaten, bi bideo emanaldi gaztetxean eta Pakito Arriaranen inguruko erakusketa Harresi Aretoan. El Salvador Bihotzean taldeak kontzerturen bat egiteko asmoa ere badu, baina taldeak zehaztu barik dituzte.

Biografia liburu baten

Esan bezala, 25. urteurrena dela-eta Txalaparta argitaletxeak Pakito Arriaranen bizitza kontatzen duen liburua argitaratu du. Hain zuzen ere, Pakito Arriaran. De Arrasate a Chalatenango da lanaren izenburua. Nicolas Doljamin eta Ricardo Castellon dira biografiaren egileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak