Otsailerako kalean izateko asmoz, Never Surrender jo eta ke ari da diskoa grabatzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko abe. 4a, 19:37
Never Surrender buru belarri dabil bigarren lan luzea kaleratzeko grabazioetan murgilduta. Irailetik ez dute zuzenekorik eskaini, bateria jolea Pragan baitago. Hala ere, ez dira geldirik egon eta diskoa grabatzen dihardute aspalditik. Ondo zaindutako lana atera gura dute, eta euren asmoa da otsaileko lehen edo bigarren astean diskoa kaleratu eta martxoan jendaurrean aurkeztea. Oraindik ez dute zein zigilurekin kaleratuko duten erabaki, baina Espainian eta atzerrian ere zabaltzea nahi dute.

Irailaren 5ean eman zuen azken kontzertua Never Surrender taldeak. Kontzertu berezia izan zen, 108. emanaldia –zenbaki sakratua taldearendako, 108. garajean hasi baitzen guztia–, taldearendako inflexio-puntua izan zena. Izan ere, Asier Uribetxeberria –Atxi– bateria jolea Pragara joan zen orduan eta aldi baterako zuzenekorik ez ematea erabaki zuten.
Zuzenekorik ez emateak, baina, ez du geldialdia esan nahi. Eta talde arrasatearra buru belarri dabil lanean euren bigarren diskoa grabatzen. Otsaileko lehen edo bigarren astean diskoa kalean izatea espero dute, eta martxoko lehen astean jendaurrean aurkeztea.


Ondo zaindutako lana
Talde arrasatearrak ez daki zein zigiluk kaleratuko duen diskoa, eta izena ere ez dute erabaki oraindik. Banaketa atzerrian ere egiteko asmoa dute eta Espainiako zein Europako hainbat zigilutara bidali dituzte abestiak. Oraindik, baina, ezin izan dute ezer lotu.
Bigarren lan luzea asko ari dira zaintzen. Aurrerapenaren izenean aurreko diskoari jarraiki, hitzetan topikoetatik haratago joateko saiakera egin dute eta alde musikalari dagokionez bide berriei  ere ekingo diete. Baina ez dute gehiago aurreratu gura izan. Hori bai, jakinarazi dutenez, "ez da sorpresarik faltako".
Emaitza ahalik eta onena izan dadin bi estudiotan grabatuko dute diskoa. Musika grabatuta dago, Arrasateko Shot! estudioan, baina ahotsak, diotenez, "lasai eta patxadaz" grabatzeko, Aretxabaletako Lazkano estudioan daude, lagun duten Asier Sala soinu teknikariarekin. Behin ahots guztiak sartuta, Shot!-era bueltatuko dira, nahasketak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak