Otsaila baino lehen hasiko dituzte Ferixalekuko igogailuaren obrak

Ubane Madera 2008ko abenduaren 18a

Inbertsio handia egin beharko dute erakundeek: 2.118.658 euro; epeei dagokienez, berriz, urtebetean bukatuta izan beharko dute guztia. Makatzenako igogailuaren proiektua, berriz, geratuta dago, "hobeto aztertzeko".

Laster ikusiko ditugu obrak Ferixaleku-Altamira inguruan. Osokoak onartutakoaren arabera, otsaila baino lehen hasi beharko dira-eta lanean. Behin hasita, urtebetean bukatuta izan beharko dituzte. Bi milioi euro pasatxoko inbertsioa egingo dute.

Bi igogailu eraiko dituzte han inguruan. Aurrenekoak lotuko du Otalora kalea Altamirara bidean dagoen Gernika pasealekuarekin. Bigarrenak lotuko du pasealekua Jose Luis Iñarra kalearekin. 

Esan beharra dago, hori bai, gauzatuko duten proiektua ez dela hasierakoa. Aldaketak egin dizkiote-eta, "hobetzeko".

Kokaleku berria, ezkerrerago

Adibidez, igogailuaren kokalekua aldatu egin dute. Hasierako proiektuaren arabera, Amaia Udal Antzokiaren ondotik atera behar zen. Orain, berriz, igogailua ezkerrerago kokatzea erabaki dute, Uarkape frontoiarengandik gertuago. 

Horrela, han dagoen igogailua, gaztetxean dagoena, kendu eta igogailu bakarra utziko dute erabiltzaile guztiendako.

Igogailuaren lehen zati hori iritsiko da Gernika pasealekura; eta hortik gora abiatuko den bigarren zatiaren kokagunea ere aldatu egin beharko dute, aurreneko zatiarekin bat egin dezan.

Segurtasuna eta argitasuna

Kokagunea aldatzeko hainbat arrazoi eman dituzte udal ordezkariek. Batetik, igogailua Amaia antzokiaren ondotik aterako balitz, ikastetxearen patioan egokitzapen obrak egin beharko lituzketelako. Batez ere, argiztapena eta irisgarritasuna hobetu beharko lituzkete. 

Bestetik, igogailua Amaia Udal Antzokitik abiarazten bada, Gernika oinezkoen zumardiraino iritsiko da, baina ilun samarra den leku batera. Eta Uarkape frontoi ingurutik abiatzen bada, berriz, aterako da argiztapen handiagoa duen eta jende gehiago ibiltzen den leku batera, eta horrek, jakina, igogailu horren erabiltzaileen segurtasuna bermatu egiten du.

Dena den, Ferixalekuko igogailua aurrera badoa ere, Makatzenakoa bertan behera utzi dute, "hobeto aztertzeko" proiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak