Ospitale inguruan aparkaleku gehiago lortzen ahalegindu behar da Udala

Ubane Madera 2008ko aza. 10a, 13:43
Ospitale inguruan dagoen aparkaleku arazoari irtenbidea emateko gaia landu behar du gaur arratsaldean udal gobernuak, asteroko batzarrean. Proposamena da Fagor Arrasaterekin hitzarmena sinatzea, han inguruan duen pabilioiaren (lehengo Gamei) aparkalekuaren zati bat publikoa izan dadin, ospitaleko langile eta erabiltzaileendako.

Hirigintza Sailetik emandako informazioaren arabera, 2.500 metro karratu ditu Fagorren aparkaleku hark eta asmoa da hesi baten bitartez banatzea bi zatitan: bata izango litzateke fabrikako langileendako eta bestea ospitaleko erabiltzaileendako. Lagapen hori urte eta erdi ingururako izango da. Gutxi gorabehera, ospitaleko lanak bukatu arte, 2010era arte.

Esandako moduan, baina, hori gauzatzeko, hitzarmena sinatu beharko dute Arrasateko Udalak eta Fagorrek. Eta horixe da gaurko batzarrean landuko dutena, udal gobernuaren asteroko batzarrean landuko dutena, alegia.

Baina ez da aurreikusita duten gai bakarra. Obra kontuekin segituz, herriko udaltzaingoarendako egokitu duten egoitza berriaren gaineko puntu pare bat ere badituzte aurreikusita, adibidez, egoitzaren obrak bukatuta, bulego berrirako altzariak erosteko gaia landuko dute.

Gabon kutsua

Eta horiez gainera, kulturarekin lotutako gaiak dira, batez ere, gaurko batzarrean landuko dituztenak. Batetik, abenduko zubiarekin batera etortzen diren akordeoi lehiaketak antolatzeko dirulaguntza eskatu dute dagoeneko, eta horixe aztertuko dute gaurko batzarrean. Horrekin batera, San Frantzisko Xabier eguna ere badator eta Virgen del Puy nafarren elkarteak eskatu du, baita ere, laguntza, egun hori ospatzeko.

Bestalde, Gabon kutsua ere izango du gaurko batzarrak. Batetik, Gabonetan eta Santamasetan barrakak jartzeko jaso dituzten eskaerak aztertu beharko dituztelako; eta bestetik 2009ko Erregeen Kabalgata antolatzeko dirulaguntza eskaera ere jaso dutelako udaletxean.

Eta dirulaguntzekin lotuta, Euskara Sailak errotulu, irudi korporatibo eta web guneak euskaraz jartzearren emango dituen dirulaguntzak jakinaraziko dituzte gaurko batzarrean.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak