Osokoa II: Garagartzako ortuetan lehentasuna izango dute gaur egun ortua badutenek

Ubane Madera 2009ko eka. 5a, 13:39

Atzo (eguena) onartu zuten beste puntuetako batean Garagartzan egokitutako ortu ekologikoen banaketa zela egin erabakitzeko irizpideak zehaztu zituen udalbatzarrak. 87 ortu ekologiko egokitu dituzte Garagartzan eta horietatik 80 zozketatuko ditu Udalak. Gainerako 7ak bere erabilerarako gordetzea erabaki duelako.

Atzo onartutakoaren arabera, 80 ortu horiek zozketa publiko bitartez banatuko dituzte. Zozketa horretan parte hartzeko izena eman beharko da Biztanleen Arreta Zerbitzuan. (Data zehaztu barik dago oraindik). Eta izena emateko Arrasaten erroldatuta egon beharko da.

Ortuen zozketa, bi zatitan

Zozketari dagokionez, bi zatitan zozketatuko dituzte ortuak. Lehenengo zozketan, 40 ortu zozketatuko dituzte. Eta zozketa horretan parte hartuko dute Arrasaten lehenagotik ortuak dituztenek, bereziki, Santa Teresa, Makatzena, Uribarri eta Garagartzan ortuak dituztenek. Hori bai, ortu ekologikoetako bat eskuratuz gero, lehenagotik erabiltzen duen ortua utzi egin beharko du pertsona horrek.

Gainerako 40 ortuen zozketan, berriz, parte hartu ahal izango dute eskaera aurkeztu duten gainerako herritar guztiek. Zozketa biak publikoak izango dira, Udalak jakinaraziko duen toki eta orduan.

20 urterako

Ortu baten adjudikazioa tokatzen zaionak, asko jota 20 urtean erabili ahal izango du ortua, edozein kasutan, baina 2029ko irailean amaituko da kontzesioa. Ortu horiek 50 eta 70 metro karratu arteko azalera dute.

Hori bai, zenbait baldintza ere bete beharko dituzte ortua eskuratzen dutenek. Adibidez, derrigorrez egin beharko dute nekazaritza ekologikoaren gaineko ikastaroa, “partzelak era egokian ustiatuko direla bermatzeko”.

Taldea eratu behar

Onuradunak derrigortuta daude, baita ere, elkarte bat eratzera, honako helburuekin: “zaintzea proiektuaren funtzionamendu egokia, gutxieneko mantenua egitea eta ordezkariak izendatzea Arrasateko Udaleko kudeaketaren arduradunekin zuzeneko harremana” izateko. Eta beste puntu bat aipatzearren, adjudikaziodunek hiruhileko kuota ordaindu beharko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak