Osoko bilkuran gertatutakoa eta iritziak jaso ditugu

Maider Arregi 2008ko api. 4a, 12:38
Herritarrez eta komunikabidez gainezka, eta tentsio giroa osoko bilkura aretoan nabaria zela hasi zen atzoko osoko bilkura. Alderdi sozialistako zinegotziek Isaias Carrascoren argazkiak ipini zituzten hutsik utzi zituzten euren jarlekuetan; eta EAJko eta EB-Zutik koalizioko bana zinegotzi ere ez ziren batzarrean izan.

Batzarra hasi eta berehala, Itziar Lamarainek, alderdi popularreko bozeramaileak minutu bateko isilunea eskatu zuen Isaias Carrascorengatik. Udalbatzarrak aho batez onartu zuen proposamena eta hala egin zuten.

Hortik aurrera, gai zerrendan aurreikusitako gaiak, herriaren eguneroko funtzionamenduari dagozkionak, landu eta onartu egin zituen udalbatzarrak. Dena den, zinegotzi, komunikabide eta herritarren arreta ez zegoen puntu horietan. Izan ere, gai zerrendaz kanpo, Itziar Lamarainek mozio bat aurkeztu zuen eta hain justu ere, mozio hori lantzeko orduan eta bozketa ondoren piztu zen alderdi politikoen arteko eztabaida eta herritarren aldetik entzun ziren salaketa oihuak.

PPk aurkeztutako mozioa

Mozioak, hiru puntutan, zera eskatzen zuen: Udalak erabat gaitzets dezala ETAren terrorismoa; ETAk gizartea jazartzeko eta mehatxatzeko erabiltzen dituen metodoak arbuiatzea eta Udalak terrorismoak mehatxatutako guztienganako elkartasun irmoa agertzea eta konpromisoa har dezala terrorismoari zilegitasuna kentzeko edozein ekimen bultzatzeko.

Hain justu, hirugarren puntu horretan Aralar, Ezker Batua-Zutik eta Eusko Alkartasunak ñabardura egin gura izan zuten "edozein ekimen" hitz horien inguruan. Hiruek esan zuten ez daudela gertu "txeke zuririk" emateko. Dena den, bozketaren orduan, EA eta EB-Zutik koalizioak mozioaren alde egin zuten, EAJk eta jakina PPk egin zuten moduan, Eusko Abertzale Ekintzak kontra bozkatu zuen eta Aralar abstenitu egin zen. Hori horrela, eta falta ziren zinegotziak kontuan hartuta, zazpina berdindu zuten bozketan. Halakoetan ohi denez, errepikatu egin zuten bozketa eta atzera ere berdinketa atera zenez, azkenean, Ino Galparsoro alkatearen kalitatezko botoarekin, ez zuten moziorik onartu, hainbat herritarren txalo artean.

Emaitza ikusita, Itziar Lamarain popularrak gogora ekarri zuen gaur lau aste betetzen direla Isaias Carrasco hil zutenetik eta adierazi zuen ez duela ulertzen "zela egon daitezkeen halako zerbait gaitzesten ez duten herritarrak". Horrekin batera, kritika zorrotzak egin zizkion EAJri, Arrasaten zentsura mozioa aurkeztu zen aurreko aldean hura babestu zutelako eta orain ez dutelako halakorik egin. Eta Ino Galparsoro alkateari zuzenean galdetu zion ea gaitzesten duen ETAren azkeneko agiria. eta elkartasuna adierazteko eskatu zion. ETAren terrorismoa deslegitimatzeko eskatu zion eta etika eta duintasuna mantentzeko. Galparsorok, gogor erantzun zion Lamaraini joko honetan ez direla eroriko eta Alderdi Popularrak demokrazioa lekziorik ez dizkiola emango esanez. Alkateak gaineratu zuen, ez dela gaitzetsi edo ez gaitzetsi, joko horretan sartu behar eta azpimarratu zuen Euskal Herrian eta Arrasaten bizi dugun egoera gatazka politiko baten ondorioa dela.

Eranztun horrena urrean, Lamarainek erantzun  zion gatazka politikoa konpontzeko ETAk hiltzeari utzi beharko diola eta orduan eseriko direla guztiak hitz egiteko.
Esan beharra dago, eztabaida gertatu zen bitartean ikusleen aldetik Ppren eta EAJren kontrako oihuak eta independentziaren aldekoak entzun zirela. Alkateak behin baino gehiagotan isilarazi behar izan zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak