Osoko bilkura mamitsua gaur, 19:00etan

Ubane Madera 2008ko urriaren 7a

Gaurko hitzordua Arrasaten osoko bilkura da. 19:00etan hasita, herritar askori interesatuko zaizkion gaiak dituzte aurreikusita zerrendan zinegotziek: babes ofizialeko etxebizitza kontuak, kontu ekonomikoak eta bost mozio politiko.

Etxebizitza kontuei dagokienez, bi gai landuko dituzte. Batetik, La Caixako etxebizitzekin lotuta, etxe horiek eraikitzen dabilen Foment Inmobiliari enpresarekin Arrasateko Udalak sinatutako hitzarmenean  bigarren aldaketa egitea aztertuko du-eta udalbatzarrak.

Etxebizitza eskuratzeko bidea erraztu

Hain justu, hainbat aldaketa egitea proposatuko dio Hirigintza Sailak udalbatzarrari hitzarmen horretan. Aldaketa esanguratsuak izango dira, gainera; izan ere, labur esanda, erraztu egiten dute etxebizitza horien zozketan parte hartu ahal izatea. Adibidez, orain arte eskatzen zuten pertsona batek urtean gutxienez 9.000 euroko diru-sarrerak izan beharko lituzkeela halako etxebizitza bat alokatu ahal izateko; bada Hirigintza Sailak proposatzen du 3.000 eurora arte jaistea urteko kopuru hori. Modu horretan, logikoa den moduan, herritar gehiagok parte hartu ahal izango du zozketan.

Zailtasunak dituztenak eta kolektibo bereziak

Proposatzen duten beste aldaketa bat da zailtasunak dituzten pertsonei ere erraztea bidea. Hala, eskatuko dieten baldintza bakarra izango da adinez nagusiak izatea; hau da, zailtasunak dituzten bizilagunek ez dute izan beharko 65 urtetik gorakoak edo 35 urtetik beherakoak halako etxebizitza bat eskuratzeko. 

Bestalde, sei etxebizitza erreserbatu gura dituzte kolektibo bereziendako: biolentzia matxista jasan duten emakumeendako, adibidez.

Eta besteak beste, proposatu dute, baita ere, giza talde jakinak kontuan hartzea zozketa egiterako orduan, honako ordenaren arabera: 65 urtetik gorakoak lehenengo, 35 urtetik beherakoak gero, zailtasunak dituzten bizilagunak hirugarren eta azkenik, kolektibo bereziak.

Kontu ekonomikoak

Kontu ekonomikoei dagokienez, 2009rako ordenantza fiskalen aldaketa aztertuko du udalbatzarrak. Eta puntu horri bi emendakin partzial aurkeztu dizkio Ezker Batua-Berdeak koalizioak, gaur egungo egoera ekonomikoa oinarri moduan hartuta. Labur esanda, koalizio horren ustez, ez da egokia udal zerga orokorretan beherapenak ezartzea. Hori bai, ondo ikusiko lukete gastu soziala handitzea eta diru hori berreskuratzeko, izaera soziala ez duten zergak handitzea.

Gauzak horrela, EB-Zutik koalizioak bi puntu proposatzen ditu: Iturbide Egoitzako eta etxeko laguntza zerbitzuen eta babes ofizialeko etxebizitzen zerbitzuen tasak izoztea batetik. Eta bestetik, %7an handitzea hirigintza baimenak ematearren ordaindu beharreko tasa eta dokumentuak ematearren ordaindu beharreko kopurua.

Bestalde, familia ugariekin lotutako puntuari beste emendakin partzial bat aurkeztu dio EB-Zutik koalizioak. Kasu horretan, proposatzen dutena da familia ugariei higiezinen gaineko zergan (IBIan) dituzten hobariak aplikatzerako orduan, kontuan hartu beharko litzatekeela familia horien diru-sarrerak eta seme-alaba kopurua.

Mozio politikoak

Bukatzeko, bost mozio dituzte aurreikusita gaurko gai zerrendan. Guztiek ere eduki politikoa dute eta azken asteotako gertakariekin daude lotuta.

Hala, PSE-EEk, EAJk eta PPk mozio bateratua aurkeztu dute gertatutako azken atentatuen kontra. Hain justu ere, Ondarrun, Gasteizen, Santoñan eta Tolosan izandako azkeneko atentatuak kondenatzeko da mozio hori. Bada horri mozio alternatiboa aurkeztu diete EB-Zutik koalizioak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak.

Horrekin batera, Arkaitz Biain Talde Mistoko zinegotziak beste mozio bat aurkeztu du; kasu horretan, azken asteotan izan diren legez kanporatzeen kontrako mozioa da. Bada horri bi mozio alternatibo aurkeztu dizkiete.

Bata EB-Zutik koalizioak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak aurkeztu dute, hain justu, PSE-EEk, EAJk eta PPren mozioari aurkeztutako mozio alternatibo bera da. Eta bestea, berriz, EAJ alderdiak aurkeztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak