Iraunkortasun Plana
Lehenengo puntuari dagokionez, Ezker Batuaren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoekin onartu dute Iraunkortasun Plana eta hura gauzatzeko ekintza plana. Horren bitartez, etorkizunean ingurumena babesteko zenbait ekintza aplikatzen hasiko dira Arrasaten.
Ezker Batua abstenitu egin da
Ezker Batuak onartu du plan horrek puntu oso positiboak dituela; baina nabarmendu du zenbait gabezia ere badituela eta horrez gainera, azpimarratu du ez duela sinesten gobernuaren konpromisoa plan horrekiko. Adibide moduan ipini dute plan horren arabera, herrian egin behar diren hirigintza lan askoren gainean kontsultatu egin beharko duela Udalak eta Ezker Batuak gogorarazi du Ikutixon egin nahi duten zabortegiaren kasuan, Udalak ez duela halakorik egin. Bestalde, Udalaren jardunean herritarren partehartzea bermatzeko Iraunkortasunaren aldeko foroa ekimen positiboa dela uste duten arren, Ezker Batuko ordezkariek gaineratu dute partehartze horren alde eurek egindako bestelako zenbait proposamen ez dituela onartu gobernuak. Horrengatik guztiarengatik abstenitu egin dira puntu horretan.
Zabortegia
Ikutixoko zabortegiaren harira, alkateak gogorarazi du proiektu hori Egitamu Orokorrean jasota dagoela Arrasateko udalbatzarraren babesarekin eta Diputazioak ere onartu zuela. Dena den, gaineratu du orain Diputazioak esaten badu hori bertan behera utzi behar dela, Arrasateko Udalak halaxe egingo duela.
Mesedeetako Andra Mari Ikastetxea
Mesedeetako Andra Mari Ikastetxearen gaineko mozioari dagokionez, berriz, laburbilduz, udalbatzarrak bi puntu onartu ditu:
- Gaur egun eskolak duen lurzoru hura ez birkalifikatzea, modu horretan, Mesedeetako erlijio ordenak ezin izango du lur haiekin espekulatu.
- Udalak bitartekari lanak egitea erlijio ordenaren eta eskolako langile eta gurasoen artean, hezkuntza jarduerari jarraikortasuna emateko ahaleginean laguntzeko.
Eskolako langile eta gurasoen ordezkariak aretoan izan dira eta haiek modu positiboan baloratu dute Udalaren erabakia. Edozelan ere, jakinarazi dute oraingoz ez dutela eskolaren aldetik albiste berririk, eta dakiten bakarra dela, egoera aldatu ezean, 2008an itxi egingo dutela Mesedeetako Andra Mari ikastetxea.
Beraz, ikusi egin behar negoziazio prozesuak zer emango duen puntu horretan.