Osasun eta hezkuntza arloetan ez dute grebarekin bat egingo

Ubane Madera 2009ko mai. 20a, 13:46
Biharko greba deialdiak ez du erantzun bateraturik izango Arrasaten. Momentuz eskuratutako datuen arabera, Arrasateko Udaleko langileek bat egingo dute grebarekin, ez ordea, Arrasateko ikastetxe, urbano eta anbulatorioak.

Orotariko kolorea izan behar du biharko egunak Arrasaten. Izan ere, grebak izango duen erantzuna ez da batere bateratua izango. Hala erakusten dute goizean zehar batutako datuek.

Hasteko, Arrasateko Udaletik jakinarazi dute langileek greba egitea erabaki dutela. Hori bai, gutxieneko zerbitzuak izango dituztela gaineratu dute, baina iragarritakoaren arabera, goizean zehar zehaztuko dituzte.

Urbanoa, normal

Edozelan ere, eta udal zerbitzuekin lotuta, dagoeneko jakin badakigu autobus urbanoak eguneroko jarduna duela biharko aurreikusita.

Dendari eta tabernek ordu eta erdian itxita

Herriko bestelako zerbitzuei dagokienez, berriz, Ibai Arte merkatari elkarteak jakinarazi du elkarteko kideek erabaki dutela bihar ordu eta erdian itxiko dituztela negozioak; hain zuzen ere, 18:30etik 20:00etara itxiko dituzte Ibai Arte elkartearen barruan dauden saltoki eta tabernak.  

Eskolan eta ikastolan, normal

Hezkuntzarekin lotutako zerbitzuetan ere grebak ez du eragin larregirik izango aurreikuspenen arabera, izan ere, bozketan erabakitakoaren arabera, Arrasateko ikastetxeek ez dute bat egingo grebarekin. Ez Arrasate Herri Eskolak ezta Arizmendi Ikastolak ere.

Hori bai, herri eskolatik iragarri dute jangela eta garraioan eraginen bat izango duela grebak. Arizmendi Ikastolak, berriz, aditzera eman du eurek arlo guztietan eskainiko dutela eguneroko zerbitzua.

Anbulatorioan, normal

Eta bestelako zerbitzu publikoen artean, adibidez, osasun arloari dagokionez, printzipioz zerbitzu normala izango dute, bai Arrasateko anbulatorioak eta baita Eskualdeko Ospitaleak ere. Are gehiago, anbulatoriotik esandakoaren arabera, medikuarekin txanda hartuta daukatenek normal joan behar dute.

Bukatzeko, Arrasatetik kanpora doazen autobus zerbitzuei dagokionez, berriz, PESAK iragarri du ohiko zerbitzuen %30 izango dela biharkoan. Informazio gehiago eskura daiteke eren web orrian: www.pesa.net.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak