Oroimenaren Izarren Autobusa, Arrasaten

Goiena 2010ko urr. 21a, 19:55
Arrasateko fusilatutakoei omenaldia egin diete gaur arratsaldean (eguena) Laubide plazan, Oroimenaren Izarren Autobusa gure ibarrera etorri dela aprobetxatuta. Ekitaldian izan dira fusilatutako bi arrasatearren senideak, Oroimenaren Autobuseko kideak eta Debagoieneko Fusilatuen eta Lagunen Batzordeko ordezkariak. Arrasaten egon ostean, Aretxabaletarako bidea hartu du autobusak, han 18:00etan dute-eta hitzordua.

“Gaur 74 urte betetzen dira 19 debagoiendar (guztiak ere zibilak) frankistek fusilatu zituztela, Hernaniko kanposantuaren ondoan. Arrasatetik Ondarretako espetxera eraman zituzten, auziperatu gabe, libre utzi eta gero, erailak. Ordutik, pertsona hauek beste asko bezala, desagertuta daude”. Berba horiekin deskribatu du Julia Mongek, Debagoieneko Fusilatuen eta Lagunen Batzordeko kideak altxamendu frankistan gertatu zena.

"Ezin dira amnistiatu"

Gaineratu du Debagoienean orain arte 122 fusilatu kontatu dituztela. Eta “pertsona horiekin daukagun zorra kitatzeko”, zera salatu gura izan dute: “Argitu gabeko auzia dela; gorputzak hil zituzten eta saiatu ziren haien memoria ere hiltzen eta ez dagoela justiziarik egiaren berri izan gabe”. Salatu dute, baita ere, “erregimen frankistak burutu zituen krimenak, gerra ondorengoak ere, gizateriaren aurkako ekimenak” izan zirela, eta ezin direla “amnistiatu”.

Justizia gura dute “errudunak epaitzeko, kaltearen ordaina emateko, berriro halakorik ez gertatzea bermatzeko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak