Mojategin jokatu ziren partiduak, eta indarra izan zen nagusi alde guztietan: zeruan, bota zuen ekaitzaren indarra eta zelaian, jokalariena. Bertaratu zirenek ikuskizun apartaz gozatzeko aukera izan zuten.
Mutiletan, Ordizia
Mutilen kasuan, hainbeste talde izanda, launako hiru multzotan banatu zituzten. Arrasateri ez zitzaion talde erreza egokitu: Hernani, Mungiako Kakarraldo eta Ordizia izan zituen lehiakide lehen fasean. Hala, dragoiek jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi zuten, Hernaniren kontrakoa hain zuzen ere, eta ez zuten lortu finalerdietara pasatzerik.
Lehenengo fasearen ostean, Bordeleko B.E.C.-ek, Donostiako Bera-Berak,Ordiziak eta Eibarrek lortu zuten finalerdietarako txartela. Donostiarrek frantziarrak mendean hartu zituzten 07-19, eta goierritarrek eibartarrak, 14-05.
Finala beraz, Ordiziaren eta Bera-Beraren artean egon zen. Azkenean, ordiziarrek euren kasta erakutsi, eta 14-12 gailendu zitzaizkien donostiarrei.
Nesketan, La Unica
Bigarren urtez, nesken txapelketa ere egon da jokoan aurten, eta kasu honetan, Iruñako La Unicako neskentzat izan zen garaipena. Arrasateko neskak hirugarren sailkatu ziren, jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi eta gero.
Sariketa, garagardo azokan
Garagardo Azokako karpan egin zuten sari banaketa, eta txapeldunez gain, talde parte-hartzaile bakoitzak oroigarri bana eraman zuen.
Jokalarien lana ere azpimarratu gura izan zuten antolatzaileek. Hala, nesketan La Unicako Agurtzane Orbegozo eta mutiletan Ordiziako Mateo Mattaruco izendatu zituzten txapelketako jokalari onenak. Arrasatearrei dagokienez, Ander Heriz eta Irati Gallastegik sari bana jaso zuten denboraldian zehar egindako lanagatik.