"Orain guztira dauzkagu bi autobus. Gero, lau izango dira. Zapatuetan izan ezik, zapatuetan orain arte moduan segituko dute", adierazi dute Obra eta Zerbitzu Sailetik. Bestela esanda, orduro barik, ordu erdiro pasako litzateke autobus urbanoa.
Ibilbidea
Autobusaren ibilbideari dagokionez, hor ere baliteke aldaketaren bat gertatzea: "Jasotako eskaerak aztertu behar ditugu eta baita ere herrian sortu diren gune berrietara iristeko aukera (Garaiako inguruak…)". Herritarren eskaera horien artean, adibidez, Mugarriterako, kanposanturako, San Joseperako… autobusak ipintzea eskatuta dute hainbatek.
Udaltzaingoaren ondora
Urbanoarekin lotutako beste berritasunetako bat da Mataderoaren pareko geltokia lekuz aldatu egingo dutela, Udaltzaingoaren ondora. "Aurtengo aurrekontuetan sartuta dago oinezkoen zubi bat egitea Gelmatik ospitale ondora; obra hori egiten denean, aurreikusita dago leku bat egokitzea autobus geltokiarendako, gaur egun erretiratutako autoak eramaten dituzten lekuan. Modu horretan ospitale-gunetik gertuago legoke autobus geltokia".
Txartel bakarra
Eta Arrasateko urbanoan txartel bakarra ipintzeko aukera ere badihardute aztertzen. Gaur egun, urbanoaren txartela da bakarrik Arrasaten ibiltzeko, eta asmoa da aztertzea ea posible den Diputazioaren txartel bakarra ezartzea. "Jendea muntatuko litzateke Garagargatzan, eta Garibain Donostiarako autobusa hartu ahal izango luke txartel bera erabilita".