Kalean ibiltzea ez da erraza gaur Arrasateko leku askotan, gune askok izoztuta segitzen dutelako. Udaletik jakinarazitakoaren arabera, 06:00ak geroztik lan-talde berezia dabil herriko guneak palekin eta gatzarekin garbitzen. Udaleko brigadakoak, CESPAko langileak eta baso garbitzaileak ipini dituzte zeregin horretan. Ospitale ingurutik hasi dira, izan ere, jende gehien ibiltzen diren lekuak garbituko dituzte lehenengo.
Hala ere, arazo handiak daudela jakinarazi dute, batez ere, herritar asko labaindu eta lurrera erori egin delako. Horixe da gaur goizean Udaltzaingoan entzun eta entzun dabiltzana: herritarrak deika esanez inguruak izoztuta daudela eta jendea lurrera erori egin dela.
Zaborrik ez atera
Zaborrarekin lotutako abisua ere helarazi dute, izan ere, inguruan dauden arazoek eraginda, ezin dute zabor bilketa behar bezala egin. Hala, Udalak eskatu gura du jendeak ahalik eta gehien aguantatu dezala zaborra atera barik.
Urbanoa, badabil
Herri barruko urbano zerbitzuari dagokionez, berriz, aditzera eman dute normal dabilela eta goiko auzoei ere ematen diela zerbitzua.
Hori gaurko egunari dagokionez, baina asteburuan ere izan dira makinatxo bat arazo Arrasaten. Adibidez, Ferixalekutik Altamirarako igogailuaren bigarren zatia zapatuan ordu batzutan geldi egon zen, eta oro har, izotzak burukomin eta kolpe ugari eragin dizkie arrasatear bati baino gehiagori.