EB-Berdeak alderdiko presidentziak zortzi puntutan azaldu du bere ikuspuntua. Lehenengo eta behin “indarkeriaren praktikarekiko erabateko gaitzespena” azaldu du eta “ETA baldintza barik eta betiko” desager dadin eskatu du.
Horrez gainera, EAE eta EHAKri eskaera egin diete “euren proiektu politikoak defendatzeko bide baketsu eta demokratikoak erabil” ditzaten; indarkeria gaitzesteko ere eskatu die.
Hirugarren puntuan elkartasuna adierazi gura die ETAren “fanatismo eta intolerantziarengatik” mehatxatuta dauden formazio politiko eta instituzioei. Baina horrekin batera, laugarren puntuan PSE-EEri eskatzen diote ez egiteko “demagogia eta ezta elektoralismorik ere” mozio etiko eta zentsura mozioekin.
Bestalde, gogora ekartzen du EAEko udal ordezkariek “Zuzenbide Estatuaren filtro guztiak” gainditu zituztela.
'Hipokresia'
Eta PSE-EErekin segituz, haren “hipokresia” salatzen dute “orain etikaren eta tinkotasunaren bandera aldarrikatzen” duelako terrorismoaren aurka, baina EBk gogora ekartzen du ez zutela egin gauza bera biktimak ekuatoriar jatorriko bi langile izan zirenean (T4ko atentatuaren harira). Hori horrela, “Barajasko atentatuaren ondoren ETArekin negoziatu ondoren euren burua “demokraziaren eta terrorismoaren kontra” aurre-aurrean ipintzen dutenen jarrera zalantzan ipintzen dute, ez ote den izango “estrategia elektoral hutsa, ETArekin hitzartutako akordio politikoak eta Batasunarekin izandako bilera klandestinoak ahaztu eragiteko”.
Zentsura mozioei dagokienez, EB-Berdeak alderdiak dio aztertuko dituela PSE-EEk aurkeztu dituen proposamenak baina ez duela hitzarmenik adostuko baldin eta zentsura mozio proposamenak ez badauka oinarri moduan “herritarren ongizateari erantzuna emango dion gobernu programarik”, eta udalerriko gehiengoaren “adostasunik”. Hori dela-eta proposatzen dute “elkarrizketa mahaiak” sortzea, “gobernagarritasuna eta elkarbizitza plurala” lortzeko.
Eta bukatzeko, gaineratu du, baita ere, ez duela babestuko “gure udalerri eta udaletan zatiketa eta konfrontazio” handiagoa ekarriko luketen ekimenik. Diote bakarka erabakitzea zentsura mozioak, aldez aurretik hautagaia aurkeztea eta epe-mugak ipintzea ez dela “bakea, normalizazioa eta pertsonen ongizatea bilatzen laguntzeko” elkarrizketa bultzatzeko modurik onena.