Aspalditik dabil Arrieta harraska-ontzi-garbigailu delakoarekin lanean. “Etxeko harraska ikusita bururatu zitzaidan”, azaldu du Arrietak. Harraskak eta ontzi-garbigailuak larregi okupatzen dutela dio; gainera, ohiko ontzi-garbigailu batek 2 kilowatt behar ditu: “potentzia larregi”, Arrietaren ustez.
Patentea 2008an
2005eko azaroan aurkeztu zuen lehenengo aldiz ideia Arrietak; eta, lan handia egin ondoren 2008ko maiatzean patentatu zuen asmakizuna. "Ohiko harraska bat da, baina taparekin. Harraskaren barnealdean saski bat dago, bertan platoak edo bestelakoak sartzeko. Mekanismo guztia, ostera, harraskaren behealdean egongo litzateke", dio. Tapa jarritakoan harraska urez betetzen hasiko litzateke, behin maila batera iritsitakoan, azpialdeko motorra bueltaka hasiko litzateke, modu horretan ura mugituz. Bi minutuz alde batera emango lituzke bueltak eta beste bi minutuz beste aldera. Horrela, 10 minutuz. Gero, harraska hustuko litzateke, eta ostera ur hotzez bete. Berriro hustuko litzateke eta ostera bete, oraingoan ur beroarekin. Azkenik, haize sistema baten bidez ontziak lehortuko lirateke.
"Sistema honek 180 watt behar ditu, ohiko ontzi-garbigailu batek baino hamar aldiz gutxiago. Gainera, ez dauka deskaltzifikagailu beharrik ezta detergentea botatzeko sistema mekaniko beharrik. Guk botako genuke eskuz, ohiko harrikoan egiten dugun bezala", dio Arrietak.
Asmakizun ferian, diploma
Azaroan Camargoko (Kantabria) II. Asmakizunen Ferian izan zen Arrieta eta ideia bikainaren diploma jaso zuen. Prototipoa egitea zenbat kostako litzatekeen galdetuta, 300.000 euro inguru izango liratekeela dio; eta, behin hasita, sei hilabeteko lana izango litzatekeela uste du Arrieta arrasatearrak.