Onartu dute Sanjuanetako egitaraua

Ubane Madera 2010ko eka. 8a, 18:28
Astelehenean onartu zuen udal gobernuak aurtengo Sanjuanetako egitaraua. Krisiak eraginda, iazkoa baino aurrekontu apurtxo bat txikiagoa dauka, baina hori apenas igarriko da. Adibidez, azken urteotako egun kopuru bera izango dute Sanjuanek: ekainaren 19-20ko asteburuan hasi eta ekainaren 23tik 27ra bitartekoa. Ekitaldiak ere ez dira lartxo aldatuko. Tradizionalek ez dute kalerik egingo, eta berriak ere izango dira. Tartean, Kukubiltxok egindako dragoi berria estreinatuko dute.

Asteon ez bada, hurrengo astean ekarriko dute dragoi berria etxera, Arrasatera. Larrabetzun (Bizkaia) dago orain, Kukubiltxo enpresa bizkaitarrak egin du-eta. Hala ere, "arrasateartasuna" agerikoa duela dio Josu Camarak, Kukubiltxo enpresako arduradunak: "Burua tente-tente du, begirada aurrera beti; geldi dago, baina keinu dinamikoa dauka". Eta gainera, Santa Barbarako dragoian inspiratuta egin dute berria, haren anaia nagusi moduan.  

Sua ere botako du, jakina. Sistema piroteknikoa txertatu diote horretarako; orain artekoa baino "su koloretsuagoa, fantasiosoagoa" botako du, gainera.

Erraldoi eta kilikiak

Berritasunekin segituz, beste bat aipatzearren, elkartearen 25. urteurrena dela-eta, ekitaldi berezia egingo dute Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsakoek: erraldoi eta kilikien kontzentrazioa ekainaren 27an.

Pirritx eta Porrotx

Ekitaldi tradizionalen artean, berriz, herritarren gustukoenak antolatu dituzte. Esaterako, Pirritx, Porrotx eta Marimotots gonbidatu dituzte Monterronen ekitaldia egin dezaten. Lagunen irriak

ikuskizuna ekarriko dute Euskal Herriko pailazo ezagunenek ekainaren 25ean, 19:00etan.

 

Oso gustukoak dira, baita ere, zezen ikuskizunak. Hala adierazten dute datuek: 1.300 lagun erakartzen dituzte egunero-egunero zezen-plazara. Eta horiek ere izango dira.

 

Zelan ez, dantzari finak ere buru-belarri dabiltza Errementari-dantza prestatzen. 

 

Eta jakin badakigu, baita ere, SUDC elkarteak deitu dituela Arrasateko neska-mutiko zein

nagusiak danborradetarako konpainiak osatzeko. Dagoeneko entseatzen hasita daude.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak