Olio edukiontziak arazoak ematen dabiltza

Ubane Madera 2009ko api. 28a, 17:40

Azken asteotan hainbat kexu izan dira olioak batzeko edukiontziekin lotuta. Batetik, edukiontzi batzuk ez dutelako behar bezala funtzionatzen eta bestetik, Uribarri etorbidean zegoen edukiontzia kenduta dagoelako otsailaz geroztik.

Bada kontu horren gainean argibideak eskatuta, Rafa Ugartek Udal Ingurumen Saileko arduradunak jakinarazi du kexatu diren herritarrek “arrazoia” dutela, azken boladan olioak batzeko edukiontziak ez dabiltzalako behar bezala.

Xehetasunen arabera, batetik, Inazio Zuloaga kalean dagoen edukiontzia behin eta berriro kateatu egiten da, nahiz eta udal langileek bi egunetik behin eta, batzuetan egunero, errebisatu.

Eta bestetik, Uribarriko Udala Plazako edukiontzia otsailean eraman egin zuten, izorratuta zegoelako, eta oraindik ez dute berria ipini. Horren harira, udal teknikariak azpimarratu du laster ekarriko dutela berria.

Gehienek arazoak

Horrez gainera, oro har, herriko bestelako puntuetan dauden edukiontzi gehienek arazoak ematen dituztela ere onartu du Ugartek. Horren arrazoia ere argitu du: edukiontzi horiek prototipoak dira eta berez, sei hilabetean erabiltzeko egindakoak dira. Aldiz, dagoeneko bi urte bete dira Arrasaten olioak batzeko edukiontziak ipini zituztela. Hori horrela, normala da arazoak ematea.

Olioa batzen jarraitu

Kontuak kontu, herritarrei begira, udal teknikariak azpimarratu du olioa batzen segitzeko asmoa duela Arrasateko Udalak. Momentuz, ipinita dauden edukiontziak erabilita. Beraz, herritarrei eskatu gura die pazientzia izateko, eta olio potea eraman eta edukiontzia ez badabil, pote hori ez uzteko edukiontziaren ondoan, baizik eta etxera eramateko. Horrez gainera, poteak ondo zaintzeko mezua ere helarazi gura die herritarrei, izan ere, Arrasateko Udalak 20.000 pote jarri zituen herritarren eskura proiektu hori abiarazi zutenean eta oso pote gutxi geratzen direla esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak