Olandixoko tunelaren obrak laster hasiko dira

Ubane Madera 2008ko mai. 16a, 12:35
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen Olandixoko tunela eraikitzeko obrak udaberri inguruan hasiko zirela, eta halaxe da. Oskar Rekaldek, Diputazioko Errepide Saileko prentsa arduradunak, esan duenez, saihesbide hori egiteko lanak dagoeneko adjudikatuta daude eta "aste gutxi barru hasiko dira".

Bi kilometro luze izango da, eta bide horretako osagai nagusiak hiru izango dira: Olandixoko tunela, 860 metro luze izango dena, bi biribilgune eta Aramaio ibaia zeharkatzeko zubia. Behin obrak hasita, 27 hilabetean bukatuko dituzte. Ikusten denez, beraz, bi urte baino gehiago erabiliko dituzte obrak egiteko, izan ere, Rekaldek esan duen moduan, "obra potoloa da. Ia kilometro bateko tunela egin behar da, eta hori obra handia da".

Ahalegin handia

Horrekin batera, Diputazioko ordezkariak azpimarratu du Diputazioarendako "ahalegin handia" dela Olandixoko tunela eraikitzea: "Ez da oso ohikoa izaten eskualdeko errepide baten saihesbidea egitea. Gainera, Arrasatek badauka beste saihesbide bat. Dena den, ikusten dugu beharra badagoela, eta pentsatzen dugu mesede egingo diola inguruko zirkulazioari".  Obra handia denaren erakusle da hor egin behar duten inbertsioa: 41 milioi euro inguru. Hortik %86 erabiliko dute Olandixoko tunela egiteko (27 milioi euro). 

Saihesbidea Mugarriko zubiaren ondoan egingo duten biribilgunean hasiko da, Aretxabaleta eta Arrasate arteko mugan. Hasierako zatia mendi-mazelaren erdialdean barrena joango da, industria eraikinak gainditu ondoren; punturik garaiena ibar batzuen ondoan egongo da eta, jarraian, beherantz egingo du, tunelean sartuta.

Olandixoko tunelari dagokionez, bestelakoen artean, 860 metro luze izango da eta %2,50eko malda izango du. Bestalde, tunelaren irteeran eraikiko dute Aramaio ibaia zeharkatzeko zubi berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak