Olandixoko tunela eta beste, gaurko batzarrean

Ubane Madera 2008ko abe. 15a, 12:25
Negu sasoi honetan, bazterketa egoera larrian dauden pertsonen egoera berbagai izango du gobernu batzarrak gaur (astelehena) arratsaldean egingo duen asteroko bileran. Hain justu ere, halako pertsonei alojamendu zerbitzua emateko proposamena izango dute mahai gainean.

Horrez gainera, obra kontuetan, Abiadura Handiko Trenaren obrak ere izango dituzte berbagai. Izan ere, tren horren ibilbidearen gaineko oinarrizko proiektua bidali dute, eta Hirigintza Sailetik emandako informazioaren arabera, proiektu hori ez dator bat Arrasateko Egitamu Orokorrarekin. Kontuak kontu, gaineratu dute horrek ez duela eraginik izango tren horren obretan.

Obra kontu gehiago, oraingo honetan Olandixoko tunelarekin lotutakoak. Hain justu ere, obra horien eraginez, Markulete inguruan errepidea eteten dabiltzala jakinarazi dute. Hori horrela, han inguruko zirkulazioa bideratzeko beste ibilbide bat egokitu dute. 

Bestalde, Mondragon Unibertsitateak dirulaguntza eskatu dio Arrasateko Udalari eraikin berria egiteko. Hori ere landuko dute gaurko batzarrean.

Jai kontuetan, Txikilandia badatorrela-eta, Txatxilipurdik hura antolatzeko laguntza eskatu dio Udalari; laguntza eskatu du, baita ere, Meatzerrekako auzo batzordeak, auzoko jaiak ospatzeko.

Eta besteak beste, Kultura kontuak ere aztergai izango ditu udal gobernuak gaurko batzarrean. Tartean, urtarriletik martxora bitarteko ekintzen programazioa onartzeko eskaera aztertuko dute eta baita ere Arrasateko Foxxy Boxxi eta The 5 Twisters musika taldeek diskoa grabatzeko egindako laguntza eskaerak.

Hori guztia eta gehiago landuko dute 15:00etan hasita. Ohi dugun moduan, datozen egunotan helaraziko dizkizuegu xehetasunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak