Okela gisatua banatuz eman dio hasiera AEDk bazkide kanpainari

Edu Mendibil 2010ko mar. 14a, 12:27
'Aldien eruen deigun' lelopean, AED elkarteak bazkide kanpainari hasiera eman zion zapatu eguerdian, Arrasateko plazan. Hotzak ez zuen jendea atzera bota. 70 lagun inguru elkartu ziren plazan. Ekainera arte iraungo du AEDren bazkide kanpainak.

Zazpi graduko tenperatura, hotza, egiten zuen eguerdian, eta berotan sartzeko eskertzen zen bai AEDko kideek banatzen zuten okela gisatuaren platertxoa eta tragoxka bat. Jende dezente hurbildu zen AEDren txosnara.

Lehenik eta behin taldeko argazkia atera zuten AEDko kideek. 70 bat lagunek erantzuten zioten deiari (Ino Galparsoro alkateak tartean) eta argazkia atera orduko, AEDko kideak gertu zeuden okela gisatua banatzeko. SUDCko presidente Juan Luis Arkauzek emandako datuen arabera, 20 bat kilo gertatu zuten sukaldari jardundako gastronomia elkarteetako ordezkariek. 23 elkarte batzen dira SUDCn eta zortzik kolaboratu zuten zapatuko ekimenean. Goizean goizetik lan egin zuten sukaldariek, mokadua hartu zuten guztien gozamenerako.
Bizpahiru ezkontza ospatu ziren zapatuan Arrasateko udaletxean eta San Juan parrokian, eta hango gonbidatuak plazan batutako euskaltzaleekin nahasten ziren. Jantziei erreparatuta, ezin ukatu deialdia dotorea gertatu zela.
bazkide berriak erakarri
Itxaro Artola AEDko dinamizatzailearen arabera, azken 15 urteotan ez dute bazkide kanpainarik egin eta belaunaldi berriak erakartzea da kanpainaren helburuetako bat; "Belaunaldien arteko trasbasea beharrezkoa da elkartea bera berritzeko eta horregatik garrantzi handia ematen diogu bazkide berriak erakartzeari. Azken baten, bazkideak dira elkartearen bihotza eta jende berriak lekukoa hartzea ezinbestekoa da edozein elkartek aurrera egiteko".

Sanjuanak bitartean

Joan den urtean zilarrezko ezteiak, 25 urte bete zituen AED elkarteak 750-800 bazkide ditu gaur. Zapatuan abian jarritako bazkide kanpainak Sanjuanak bitartean iraungo du; bien bitartean hainbat ekitaldi iragarri dituzte. Apirilean, esate baterako, euskara elkarteen arteko topaketa-olinpiada egingo dute eta maiatzean auzoko jaietan izango dira, maiatzaren 1ean San Andresen eta hilaren 15ean Musakolan. Era berean, bazkide egiteko mahaiak kalera aterako dituzte eguenetan, pintxo-poteoarekin sortzen den giroa aprobetxatuta. Helburua, esan bezala, euskaltzale taldea indartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak