Oinezkoendako ibilbidea egin gura dute, ospitalerako

Ubane Madera 2010ko urt. 14a, 19:07
Gelmako etxeetatik Nafarroa etorbidera arteko gunea urbanizatu eta oinezkoendako ibilbidea egokitzeko eskaera da Arrasateko Udalak E planean aurten aurkeztu duen lehena.

Obra handia da egin gura dutena, erreka gurutzatzeko oinezkoendako zubi eta guzti.
Izan ere, proiektuaren helburu orokorra da herriaren alde bata eta bestea lotzea, oinezkoendako ibilbide baten bitartez. Bestela esanda, Gelma eta ospitale gunea lotzea oinezkoendako.

Plaza eta aparkalekuak

Hirigintza Sailetik emandako xehetasunen arabera, bide horren zati handi bat aterpean egin gura dute, pergola batekin estalita (zubia, adibidez).

Plaza berria ere egokitu gura dute, zubia bukatu eta Mankomunitatearen egoitzaren arteko  gunean. Eta plaza horretarako jarleku, iturri, oinezkoendako ibilbide eta bestelako ekipamenduak aurreikusi dituzte. 

Bestalde, inguru horretan (Lantegi Eskolaren atzeko partean) 22 aparkaleku egokituko dituzte, eta baita bizikleta eta motorrendako bi aparkagune ere.

Plazaren inguruan, berriz, zera egin gura dutela iragarri dute: "Berdegune handiak, hainbat zuhaitz motarekin, bisitariari eguzki eta gerizpe artean gune atsegina eskainiz".

Bukatzeko Mankomunitatearen ondoko espaloi eta bestelakoak ordenatu egingo dituzte.

Eraikin batzuk bota

Hori guztia egiteko, baina, gaur egun Nafarroa etorbideko hainbat eraikin bota egin beharko dituzte, adibidez, SUDC elkarteak biltegi moduan erabiltzen duen eraikina eta txabola batzuk.

850.000 euro pasa

Oinezkoendako ibilbide berri hori egiteko 850.000 euro pasa beharko dituela aurreikusi du Arrasate Udalak. Eta horixe da Madrilgo Gobernuari eskatutakoa (joan den egubakoitzean). Orain, beraz, gobernu zentralaren erantzunaren zain daude.

Edozelan ere, baiezkoa jasotzen badute, iragarri dute martxoa aurretik adjudikatuko dituztela lanak, E planaren baldintza izango delako urtea bukatu baino lehen guztia amaituta izatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak