Oinezkoen pasabide berria, Larragain kalerako

Ubane Madera 2009ko urr. 22a, 17:23
Bizkaia etorbideko garajeen eraikinari solairu bat gehitu eta haren eta Larragain kalearen artean oinezkoendako pasabidea eraikiko dute. Asteon onartu dute proiektua. Han azaldutakoaren arabera, dorre moduko bat gehituko diote garajeen eraikinari. Eta dorre horretatik abiatuko da oinezkoendako pasabidea, Gernika Oinezkoen Zumardiaren gainetik 10 metrora, Larragain kalera iritsi arte.

Modu horretan, Udalak lortzen duena da Larragain kalekoak ere garaje barrutik doan igogailu publikoa erabilita igo ahal izatea bizitokira. Hau da, igogailua oraingoa baino solairu bat gorago iritsiko da. 

 

Gaur egun, igogailu publiko hori iristen da Gorostiza auzoaren beheko parteraino, Gernika Oinezkoen pasealekuraino, hain justu. Eta Larragain kalera iristeko automobilendako bidea eraiki zuten. Larragain kaleko bizilagunek, baina, oinezkoendako bidea gura zuten. Hori horrela, sinadurak batu, eta haien laguntzarekin, Udalari eskatu zioten orain egingo duten proiektua egiteko, oinezkoendakoa.

Argi gehiago ipiniko dute

Bestalde, oinezkoen pasabidearekin batera, igogailu publikoaren segurtasuna hobetzeko lanak ere egingo ditu Udalak, "gerta daitezkeen erasoak saihesteko".

Hori horrela, batetik, hobeto argiztatuko dute ingurua, eta argiak etengabe piztuta segitzeko bidea ere egokituko dute.

Bideo-kamerak

Bestetik, zaintza lanak egiteko bideo-kamerak instalatuko dituzte igogailuaren hainbat puntutan: sarreran (beheko partean), erdibidean (goiko plazan) eta orain eraiki behar duten irteeran.

 

Azkenik, gaur egun garajearen barruko aldetik jaisten den ebakuazioko eskailera, (orain edozeinek erabil dezakeena) itxi egingo dute, bakarrik larrialdietarako izan dadin.  

Bukatzeko, Bizkaia etorbideko igogailuaren sarreran dauden ate biak kendu egingo dituzte. Modu horretan, inork ezin izango ditu erabili beste inor barruan harrapatzeko. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak