Oihana Aranburu izango da jarduneko alkatea

Txomin Madina Milikua 2008ko mai. 6a, 10:56
Ino Galparsoro alkatearen kartzelaratzeak nahitaezko aldaketak ekarri ditu Udaleko funtzionamentuan. Hala, momentuz Ohiana Aranburu izango da jarduneko alkatea. Beste hainbat arlo baina, erabakitzeke daude oraindik

Orain arte alkateordea izan den Oihana Aranburu izango da, momentuz behintzat, Arrasateko jarduneko alkatea.  Horixe da oraingoz Udaletik ziur baieztatu duten aldaketa bakarrenetarikoa, izan ere, Ino Galparsororen kartzelaratzeak ezustean harrapatu ditu bai Udaleko zinegotziak eta baita langileak ere.

Hala, oraindik ez dute zehaztu Galparsorok bere baitan hartzen zituen batzordeak zeinen eskuetara pasako diren.

Garzon epailearen erabakiaren beste ondorioetako bat, Eusko Abertzale Ekintza taldearen desagertzea da. Erabaki horren ondorioz, hemendik aurrera alderdi horren ordezkari izan diren zinegotziek ezingo dute alderdi horretako kide moduan jardun ezta udal barruko jardueretan ere. EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin harremanetan daude bai udaleko zinegotziak eta baita idazkariak ere egoera honen aurren nola jokatu erabakitzeko, baina aukeretako bat da EAE barruan jardundako zinegotziak talde mistora pasatzea.

Osteguneko ohiko osoko bilkura ez dute deitu

Ezjakintasun egoera honek ekarri ditu lehen ondorioak. Hala, atzo egitekoak ziren tokiko gobernu batzarra bertan behera geratu da, eta printzipioz behintzat ostegunean egitekoa zen ohiko osoko bilkura deitu ere ez dute egin.

Dena den, Udaleko ordezkariek azaldu digute horrek ez duela esan nahi udaleko jarduera guztiak bertan behera geratu direnik, eta hala, udaleko teknikariek euren eguneroko lanetan jarraitzen dutela azaldu dute. Gaineratu dute baita ere, gainerako alderdi politikoei behar duten informazioa ere ematen zaiela.

Udal gobernuko kideek azpimarratu nahi izan dute hori bai, kontrako sententzia irmorik egon arte, Ino Galparsorok jarraitzen duela izaten Arrasateko alkate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak