Zein da zuen balorazioa?
Arrasateko herriak ahaztuko ez duen urte bat; gure herriak, jasan duen erasoari erantzuten jakin duen urtea bezala.
Alkatea bisitatzen izan berri zarete; zela dago?
Bahituta; legezko bahiketa jasaten ari da; eta horren erantzule nor den oso garbi daukagu. Espetxeratu zutenetik, lehen bisita joan den larunbatean izan dugu, (40 minutu, lokutorio txiki batean) ia hiru hilabete pasatu behar izan dira bera ikusteko; hortaz aparte, ez digute uzten berarekin harremanik edukitzen, bera den arren oraindik Arrasateko alkatea. Baina egoera oso gogorra bada ere, indartsu eta tinko dago.
Giro tentsua dago Udalean?
Herri osoan bezala, tentsio giroa bizi izan dugu, zalantza barik; herri honetan gertatu dena, ez da inon gertatu, ziurrenik; baina badakigu zein den PSOEren jarrera eta nahia. Dena dela zaila egiten zaigu ulertzea alderdi horrek nola balora dezakeen Udal jarduera batzordeetara oso gutxitan agertzen direla ikusirik; zaila da ulertzea baina oso argia beraien jarrera eta asmoak. Bestalde, Ino falta dugun arren, lanean eta Udala gobernatzen jarraitzen dugu; noski, bere falta itzela nabaritzen dugu; baina aurrera egiten ari gara; Arrasateko herriak eman duen erantzuna ere, oso ona izan da eta aurrera jarraitzeko indartsu gaude, beti ere herriaren mesederako.
Zelako harremana duzue gainerako alderdiekin?
Beti izan duguna; batzuekin ona, beste batzuekin eskasagoa; baina Udal dinamika normaltasunez mantentzeko adinakoa; orain ez dugu giro txarrik atzematen; guztiaren gainetik, eta orokorrean errespetua da nagusi. Bada salbuespenen bat tentsioa sortzen saiatzen ari dena, baina saiakerak edo "giro tentsua" dagoela dioten adierazpenek ez dute nahi duten tentsiorik lortzen.
Batzuek diote gutxiegi zaretela gobernuan jarduteko…
Hori diotenek gu desagerraraztea nahiko lukete; eta hori politikoki ezin dutenez, indarrez egin nahi izan dute, baina alperrik. Korporazioa zortzi alderdi politikok osatzen dute eta gure taldeak zinegotzien heren bat suposatzen du; baina hemen garrantzitsuena ez da hori; garrantzia gobernatzeko eta kudeaketa eran dago; modu demokratiko eta partehartzailean egitea. Herritarrekin ere kontatuz.
Talde mistora pasatu izanak badu eraginik Udal jardunean?
Bai; ezin ukatu. Jardunean eragina izateaz gain, gure eskubideak urratzen dituela argi utzi nahi dugu. Giza eskubideak nahiz etika, askoren ahotan dauden garai honetan, urruti joan gabe, Arrasaten bertan daukagu giza eskubideen urraketa garbia, antolatzeko eta politikoki jarduteko alegia. PSOE gure kontra garatzen ari den errepresioak bere eragin negatiboa izan arren, egoerari aurre egiteko prest gaude.
Berreskuratu du Udalak normaltasuna?
Ez; normaltasuna, Ino berriro ere aske eta daletxean bere alkate lanean ikusten dugunean hasiko gara bizitzen. Baina esan dezakegu Arrasateko udalak lanean jarraitzen duela egunerokotasunari erantzunez.
Polemikoak izan diren hainbat gairen gainean erabakitzea tokatu zaizue, merkataritza-gune kontuak, tartean. Zabaletari ezetz esanda, erabaki duzue Eroskiri erantzun beharrekoa?
Uste dut esan dezakegula hauteskunde garaian gure programan zehaztu genituen helburuei jarraituz ari garela; gu aurka egon arren, merkataritza-gunearen istoria, aurreko legealdian, gu Udalean ez geundenean egosi zen. Hala ere, afera hau etetea lortu dugu.
Eroskiren kasua ez da Zabaletakoaren bera; negoziatzen ari gara, zein izan daitekeen irtenbidea. Erabaki beharrekoa, ez da Eroskiren handitzea bakarrik; hor daude, geltoki intermodala, tranbiaren obra, e.a.
Harrobiei dagokienez, Aralarrek, EB-Zutik koalizioak eta PPk kezka azaldu dute eta Aralarrek herri galdeketa eskatu du. Egiteko asmorik bai?
Lehenik eta behin argitu Aralar alderdiko inor ez zaigula etorri gai hori planteatzera, prentsaren bitartez jakin dugu. Hala ere, Aralarri gogorarazi nahi genioke iazko maiatzean herri guztietan galdeketak egin zirela Udalen osaketa erabakitzeko, eta paradoxikoki Aretxabaletan Aralarrek ez duela herritarrek aukeratu zutena errespetatu. Beraz ez dugu uste lezioak emateko moduan daudenik.
San Josepe harrobiari dagokionez, aipatu nahi genuke itxiera data ez dela aldatuko ezta luzatuko ere, aurretik erabakitakoa izango da. Bestalde, orain baimendutako leherketak aurrez baimendutako batzuekin batera egiteak aukera ematen du aurrerantzean leherketa gehiagoren beharrik ez izateko.
Hiru urteotara begira, zeintzuk izango dira proiekturik garrantzitsuenak Arrasaten?
Etxebizitzaren arazoari dagokionez, sistema neoliberal horrek babesten duen merkatu sistemaren ondorioetako bat da. Lurrarekin ( denona izan beharko lukeen ondasun batekin ) espekulatzea posible den artean, edo gobernuaren aldetik etxebizitza publikoa bultzatzen ez den bitartean, jai dugu. Gobernu honen helburua eta nahia etxebizitza publikoa eta alokairuzkoa bultzatzea da. Bestalde, Musika Etxea, Udal azoka, zaharrendako egoitza berria eta bestelako proiektu batzuk baditugu esku artean.