Ohikoa baino jende gehiagok erabili du hiribusa doan izan den aste honetan. BIDEOA

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko irailaren 22a

Mugikortasunaren Astearen barruan herri barruko zerbitzua doan izan da hilaren 16tik 22ra.

Autorik gabeko eguna da gaurkoa Europa mailan. Iruditu zaigu auto kopuru berdina ibili dela gaur gure kaleetan, baina esan beharra dago autobusa ondo beteta aurkitu dugula Arrasaten. San Frantzisko biribilguneko paradan hartu dugu hiribusa eta Garibai kaleraino eraman gaitu. Tartean, Erguin, Uribe eta San Andres auzoetatik pasa gara. Ez dugu xentimorik ordaindu, ez guk ez gainerako erabiltzaileek. "Gustura ibiltzen naiz ni autobusean", esan digu ohiko erabiltzaile batek. "Ondo datorkit eta egunean bizpahiru aldiz erabiltzen dut". Beste emakume batek honela esan digu: "Ordutegiak nahiko ondo errespetatzen dituzte. Prezioa ere ona da txartelarekin bidaia 59-60 zentimotan ateratzen zaigu-eta".

Aste guztian izan da debalde hiribusa, eta jende gehiago ibili da. Pedro Bermejo gidariaren esanetan, baina, bihartik aurrera normaltasunera itzuliko dira atzera ere gauzak. Jendea pozik dago urbanoarekin, batez ere jende nagusia. Adineko jendeak dio hau kenduz gero hil egingo liratekeela". Jendeak zerbitzu hobeagoa ere eskatzen duela adierazi digu. "Maiztasun handiagoa eskatzen dute. Uste dute ordu erdiko tartea handiegia dela".

Udalak balorazio positiboa

Hiri barruan bi autobus zerbitzu ditu Arrasatek. Badago hirugarren bat, baina egunean zerbitzu bakarra eskaintzen du. Udaleko ingurumen sailetik lehenengo balorazio positiboa egin dute, nahiz eta aitortzen duten horrelako ekimenak ez direla nahikoa jendeak autoa etxean uzteko. Esan digutenez, zapatuan egindako birzikleta azoka oso ondo joan zen salmenta kopuru politarekin. Barikuan egitekoa zen kometa tailerra, aldiz, aste honetan egingo dute. Plastikozko poltsekin kometak egingo dituzte Seber Altube plazan barikuan 17:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak