"Normalean lapurrak atzerritarrak dira, baina ezin da orokortu; azkenak euskaldunak ziren"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko uztailaren 12a

Arrasaten eman diren lapurreta kasuen ugaritzearen gainean berba egiteko egon gara Aitzol Osa (Ondarroa, 1973) Udaltzainburuarekin. Besteak beste, oporretara joateko gomendioak eman dizkigu.

Azkenaldian asko ugaritu dira lapurretak Arrasaten. Ba al dakizu erantzuten zergatik?
Arrasatek sarrera eta irteera asko ditu, are gehiago autopista zabaldu zenetik. Hala, lapurrak 15 minututan Gasteizen egon daitezke, ordu erdian Bilbon eta ordubetean Donostian. Sarrera eta irteera ugari eta onak izateak modu zuzenean eragin du lapurreten ugaritzean. Autopista zabaldu aurretik susmoa genuen gertatuko zitekeela, eta hala izan da.
Finean, herritarrok mugitzeko ditugun erraztasun berberak dituzte lapurrek ere.

Denetariko lapurretak eman dira. Zeintzuk dira ohikoenak? Eta herriko zein zonaldetan ematen dira lapurreta gehien?
Autoetako aparailu elektrikoen lapurretak izan dira esanguratsuenak. Autoetan lapurtzea erraza da, ez du azpiegitura handirik behar. Gainera, garajeetan egiten direnean ezkutuan egin daitezke; lapurrak nolabaiteko lasaitasunarekin mugi daitezke. Edozelan ere, kalean aparkatuta dauden autoetan ere sartu izan dira. Bergaran, adibidez, industrialdeetan eman dira lapurreta gehienak.
Arrasateko zonaldeei dagokienez, azkenaldion San Andres eta Santa Marina auzoetan salaketa asko jaso ditugu. Hala ere, ez dira auzo horietan bakarrik ematen, herriko edozein puntutan izaten dira lapurretak.

Zein da lapurraren profila?
Oso zaila da susmagarriaren profila zehaztea. Normalean, atzerritarrak eta gazteak izaten dira. Baina oso arriskutsua da lapurrak naziotasun batekin lotzea, ez da komeni orokortzea. Gainera, zenbait sorpresa izaten dira; azken bi atxilotuak, esaterako, euskaldunak izan dira.
Lapurreten ugaritzearen gaineko daturik ematerik?
Salaketa guztiak informatizatuta eramaten ditugu. Urtea hasi zenetik 400 salaketa inguru jaso ditugu. Horrek ez du esan nahi 400 lapurreta edota delitu direnik. Hemen gertatzen dena zera da: bizitza judizializatzen ari gara. Hau da, edozein arazo txiki dugunean derrigorrez salaketa jarri behar dugula dirudi, eta arazoa epaiketetara eraman.
Hori ekiditeko soluzio bat izan daiteke, ahal den heinean, Udaletik figura bat sortzea halako arazotxoei irtenbidea emateko. Bitartekari figura bat, hain zuzen. Barakaldon, adibidez, epaitegi bat sortu berri dute falta arinak bideratzen dituena. Garatu bidean dabilen ekimena da, eta hemen aplikatzen hasi daitekeen proiektua interesgarria dela deritzot.
Herritar dezente kexu dira inoiz baino udaltzain gehiago izanda inoiz baino lapurreta gehiago eman direlako. 
Udaltzaingoa prebentzio lanetan dabil. Jendeak uste du auto-patruila gehiagok lapurreta gutxiago esan gura duela. Baina lapurrak ez dira inozoak eta euren teknikak erabiltzen dituzte gu ekiditeko. Zaintzak egiten ditugu, eta lapurrek ere zaintzak egiten dituzte. Gaueko txandan ari den patruilak 100 kilometro egin ditzake gau berean herri barruan; eta lan horrek eman ditu emaitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak