Udal kontuekin segituz, astelehenero moduan, gaur arratsaldean egingo du asteroko batzarra udal gobernuak. Mahai gainean dituen gaien artean, Erguin auzoko eskailerak konpontzeko obren adjudikazioa aztertuko dute. Eta baita ere, etorkinekin lotuta, Arrasaterako Tokiko Plana idazteko kontratu proposamena.
Horrez gainera, jai usaina ere izango dute gaurko batzarrean; batetik, San Andres eta Musakola auzoetako jaietan barrakak jartzeko eskaera aztertuko dute, eta bestetik, San Juanetarako kartel lehiaketa deitzearen gaineko puntua landuko dute.
Beste gai pare bat aipatzearren, eta kultura kontuekin segituz, Arizmendi Ikastolak egindako eskaera aztertuko dute, XXII. Abesbatzen Topaketak antolatzeko; eta Udal Kultura Sailak ekainera bitartean antolatu duen kultura egitaraua ere izango dute mahai gainean udal agintariek.