Lehia gaizki hasi zuten
Etxekoentzat ez zen batere ondo hasi zapatuko lehia. Batez ere jaurtiketetan ez zuten asmatu; ondorioz, Lizarrakoak aurretik jarri ziren: 17-19 amaitu zen lehenengo laurdena. Bigarren laurdena okerragoa izan zen; etxekoek huts asko egin zituzten eta markagailuan zortzi puntu atzetik jarri ziren.
Kontraerasoan
Bigarren zatian zertxobait aldatu zen jokoa. Defentsan ondo ibili ziren etxekoak; 3-2ko defentsa egin zuten. Taula azpian lapurtutako baloiak aprobetxatu eta kontraerasoan irten ziren arrasatearrak; hala, aldea murriztea lortu zuten. Azken laurdena 57-59 hasi zuten. Lizarrako jokalariengan nekea nabaria zen; eta, etxeko gazteak, berriz, antxintxika egiteko indarrez zeuden.
Sei segundo
Lehia amaitzeko minutu baten faltan 72-74 atzetik zeuden etxekoak; baina, defentsa onari eta kontraerasoei esker 81-80 jarri ziren. Sei segundoren faltan bi jaurtiketa libre sartu zituen Arejolaleibarrek, markagailua 83-80 utziz.
Javi Zurbano entrenatzaileak esan zigun, eurek eroan zutela partiduaren erritmoa, eta hala izango beharko litzatekeela beti.