Nagusiendako jangelan eman daiteke dagoeneko izena

Ubane Madera 2009ko abu. 31a, 13:23
Opor aurretik onartu zuten udal politikariek nagusiendako jangelaren funtzionamendurako araudia. Hori horrela, orain, beharra duen edozeinek eman dezake izena. Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez egin behar da hori.

Jangela komunitarioa Iturbide egoitzan egokitu dute, lehen solairuko jangelan. 4,50 euro kostatzen da bazkaltzea eta 3,50 euro, berriz, afaltzea. Ordutegia ere zehaztuta dago: 13:00etan hasten da eguerdiko zerbitzua eta 20:00etan iluntzekoa.

Eskari txikia

Edozelan ere, Gizarte Sailetik aditzera eman dutenez, ez dute zerbitzu horretarako “eskari handirik” espero, talde txiki zehatz bati zuzendutakoa delako: autonomia duten eta bakarrik bizi diren pertsona nagusiei. “Autonomoak dira bizitzako aktibitate gehienak egiteko, baina janak prestatzeko arazoak izaten dituzte; hortik sortu zen jangela komunitarioaren ideia”, azaldu dute Gizarte Zerbitzu Sailetik.

Proba eginda, pozik

“Proba egin genuen iaz kasu solte batzuekin eta oso pozik dabiltza”, gaineratu dute. “Orain egin duguna da zerbitzu moduan eratu, araudia zehaztu, prezioak ipini eta beste. Beraz, ez dugu zerbitzu hori iragartzeko kanpaina berezirik egingo, Gizarte Zerbitzuen bitartez eskainiko dugu edo gizarte laguntzaileen bitartez ere eska daiteke”.

Bakarrik bizitzen segitzeko

Nagusiendako jangelaren helburua da laguntasuna eman bakarrik bizi diren eta zailtasunak dituzten pertsona nagusiei, bakarrik bizitzen segitu ahal dezaten. Bestalde, beste “osagarri positibo” batzuk ere ekarriko ditu jangela zerbitzu horrek: “Pertsona nagusiek jangelara joan beharko dute. Horrek esan gura du etxetik irten egin beharko dutela. Eta hori inportantea da, askotan jende nagusiak etxean geratzeko joera izaten duelako”. Era berean, pertsona nagusien artean harreman berriak egiten ere lagunduko du jangela komunitarioak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak