Nagusiendako jangela zela erabiliko den aztertuko dute gaur

Ubane Madera 2009ko ekainaren 4a

Gaur (eguena) udalbatzarrak osokoa egingo du, 19:00etan hasita. Landuko dituzten gaien artean, pertsona nagusiei eta beharrak dituztenei eragingo dien puntu pare bat badira. Adibidez, pertsona nagusiendako Iturbide egoitzan egokitu gura duten jangela erabiltzeko arauak aztertuko dituzte.

Jangela horrekin lotuta, Arrasateko Udalak erabakita duena da jangelan aplikatu behar dituzten tarifak: 4,50 euro bazkariarengatik eta 3,50 euro, berriz, afariarengatik. Hortaz, hortik aurrerako guztia da Udalak zehaztu behar duena, besteak beste, zeintzuk diren jangela hori erabili ahal izateko baldintzak edo betebeharrak.

Etxerako zerbitzua

Bada, horren harira, Zutik eta Alternatibak eratutako koalizioak emendakina aurkeztu dio araudiari. Dio orokorrean Iturbide egoitzan ipini gura duten zerbitzua “bide zuzenean pauso bat” ematea dela; baina horrekin batera gaineratzen du zerbitzu horrek “izaera osoa” izan beharko lukeela. Bestela esanda, koalizio ezkertiarrak eskatzen duena da Iturbideko jangela zerbitzu horrez gainera, etxerako zerbitzua ere ipintzea. Hau da, “bakarrik bizi diren, mendekotasuna duten eta familiaren babes txikia” duten pertsona nagusiei laguntzeko zerbitzua, etxera jana eramateko. Eta zerbitzu hori abiarazi ahal izateko araudia egitea eskatzen du, hiru hilabeteko epean gauzatu beharko litzatekeena. 

Hori, beraz, jangela zerbitzuari dagokionez. Horrez gainera, gizarte larrialdietako egoeren zerbitzua emateko araudia ere izango dute mahai gainean zinegotziek gaur arratsaldean. Eta baita ere, Garagartzan egokitu dituzten 87 ortu ekologikoen adjudikazioa aginduko duen baldintzen agiria.

Bi mozio

Eta horrekin batera, politikarekin lotutako bost puntu ere badituzte gai-zerrendan aurreikusita. Batetik, alderdi sozialistaren udal taldeko bozeramailearen aldaketa jakinaraziko dute, Paco Gartziaren ordez Haritz Arrietak hartuko ditu-eta bozeramaile lanak. Eta horren ondorioz  Udaleko hainbat batzorde informatibotan izango diren sozialisten ordezkarien aldaketaren berri ere emango dute.

Bestalde, Ezker Batua Berdeak/Zutik udal taldeak izena aldatuko duela ere jakinaraziko dute. Izan ere, Ezker Batuko Arrasateko ordezkariek erabaki dute alderdian sortu zen korronte kritikoarekin bat egin eta Alternatiba izeneko taldera pasatzea. Horrekin lotutako puntua izango da osokoan landuko dutena.

Horrekin batera, Eusko Alkartasunak mozioa aurkeztuko duela iragarri du, udal lege baten aldeko mozioa. Eta bukatzeko, Portaloira Topaguneak presoen sakabanaketa politikari buruzko mozioa aurkeztuko du.

Halakoak eta beste, esandako moduan, landuko dituzte gaurko osoko bilkuran. Hitzordua da 19:00etan. Osoko bilkurak izaera publikoa dauka, beraz, interesa duen edozein joan ahal da.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak