Muxibarko igogailua Larragaineraino irits daiteke

Ubane Madera 2009ko urt. 12a, 12:22
Muxibarko parkingean eraiki duten igogailu publikoa solairu bat gorago iristeko aukera aztertzen dabil Arrasateko Udala. Gaur egun, Bizkaia Etorbidetik atera eta Gorostizaraino iristen da, hain zuzen ere, Gernika oinezkoen zumardiraino. Bada, Udala orain aztertzen dabilen aukera da igogailua Larragaineraino iristea.

Hirigintza Sailetik aditzera emandakoaren arabera, egokitzapen obra hori egin ahal izateko azterketa teknikoa egiten dabiltza orain eta dagoeneko sartu dute aurtengo aurrekontu proposamenean proiektu hori gauzatu ahal izateko  diru partida.

Dena den den, lehenengo aurrekontuak onartu egin beharko direla azpimarratu dute Hirigintza Sailetik. Hori bai, era berean gaineratu dute aurrekontuak onartuz gero, "berehala" hasiko liratekeela obrak egiten, izan ere, parkingaren ugazabarekin adostuta dute dagoeneko obra hori egiteko aukera.

Kaleek noranzko bakarra

Horrekin batera, Udala aztertzen dabil, baita ere, epe ertainera begirako beste egokitzapen obra bat Gorostiza auzorako. Ibilgailuen mugimendua arintze aldera, kaleak lotu eta modu horretan kale bakoitzari noranzko bakarra eman gura diote. Uste dute modu horretan gaur egungo egoera “kaotikoa” konpondu egingo litzatekeela, auzotarrek salatzen duten egoera kaotikoa.

Izan ere, Hirigintza Sailetik aditzera eman dute hori guztia egiten dabiltzala Gorostiza auzoko bizilagunek aurkeztutako kexuak aintzat hartuta; hain justu, haiek, 157 bizilagunen sinadurak babestuta, berraztertze errekurtsoa aurkeztu diote Udalak urrian auzotarren eskaerei emandako ezezko erantzunari.

Gorostizakoak haserre

Kontua da Gorostizako auzotarrak haserre daudela Muxibarko parkingak Larragain kaletik duen sarrerarekin Sarbide hori ibilgailuendako da, eta auzotarrek gura dutena da sarbide hori bakarrik oinezkoendako izan dadila. Salatzen dute berez, larregiko ibilgailu daudela auzoan eta sarrera horrek okertu egiten duela oraingo egoera.

Salatzen dute, baita ere, sarrera hori eraikitzea 2006an erabaki zutela, hasierako proiektua aldatuta eta eurei inork ez zietela aldaketa horren gaineko informaziorik eman. Horrekin batera, eskatzen dute, aurreko legealdian adostutakoa bete dezatela: hau da, Muxibartik Larragainera igotzeko oinezkoendako igogailu bat eraiki dezatela.

Eta horrekin guztiarekin batera, gai horrekiko aurreko udal taldearen jarduna salatzen dute. Berraztertze errekurtsoan diotenez, haserre daude aurreko udal taldeak informazioa ezkutatu zietelako. Auzotarrek salatzen dutena da aurreko udal taldeak “saldu” zietela Muxibarko garajeen roiektuak onurak besterik ez zizkietela ekarri behar auzotarrei, eta diote azkenean “kontrara” gertatu dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak