Musika klasikoan dago oinarrituta aurtengo Udaberriko Musikaldia

Oihana Elorza Gorostiza 2010ko api. 21a, 18:16
Arrasate musikaleko orkestra sinfonikoak eta Goikobalu abesbatzak elkarrekin abestuko dute zapatuan, San Frantzisko elizan.

Musika klasikoa izango du oinarrian udalak antolatutako Udaberriko VI. Musikaldiak. Lau kontzertu izango dira guztira, bi asteburu honetan eta beste bi hurrengoan.

Etxekoen arrakasta
Seigarren urtez antolatu du Udaberriko Musikaldiak Arrasateko Udalak eta orain arteko esperientzia ikusita, aurtengo kontzertuetan ere aretoak betetzea espero du udaleko kultura sailak. "Gero eta jende gehiago joaten da hitzordu horietara, goruntz doan eskaintza da. Joan den urtean, esaterako, Goikobaluren kontzertuak goraino bete zuen aretoa. Abesbatza horrek eta Arrasate musikaleko orkestra sinfonikoak kontzertu bana eman zuten iaz, baina aurten, eurek eskatuta, elkarrekin joko dute. Bihar, zapatua, izango da kontzertu hori", azaldu du Karmelo Alberdik, udaleko kultura saileko teknikariak.

Bi talde horiez gain, musika barrokoa egiten duen Euskobarrokensemble, 10 eta 17 urte arteko abeslariez osatutako Leioa Kantika Korala eta munduko piano jotzaileen artean dagoen Alessio Bax-ek emango dituzte antolatutako gainerako hiru kontzertuak. "Estatuan egiten ari den bira aprobetxatu eta Arrasatera gonbidatu dugu Alessio Bax", zehaztu du Alberdik.

Doan
Joan den urtean bost kontzertu antolatu zituzten baina aurrekontu txikiagoa izan du kultura sailak aurtengo Udaberriko Musikaldirako, eta lau antolatu ditu. "Datozen taldeen tamainagatik, ez dira Kulturaten sartzen, eta horregatik erabaki dugu lehen bi kontzertuak San Frantzisko elizan egitea eta datorren asteburukoak, San Joan parrokian. Doan dira denak", gogorarazi du Karmelo Alberdik.

Eguna Taldea Tokia-Ordua
Apirilak 23
Euskobarrokensemble San Frantzisko elizan, 20:00etan
Apirilak 24
Arrasate musikaleko orkestra sinfonikoa eta Goikobalu abesbatza
San Frantzisko elizan, 20:00etan
Apirilak 30
Leioa Kantika Korala
San Juan parrokian, 20:00etan
Maiatzak 1
Alessi Bax pianojolea
San Juan parrokian, 20:00etan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak